Arartekoak ezarri zuen kalea hezkuntza zentroari lagatzea "irregularra" izan zela, ez baitago Udala eta ikastetxea kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzaren arteko dokumentu ofizialik. Dokumentu horrek lagapena islatu eta epe zehatzak ere ezarri beharko lituzke, baina ez denez existitzen, Goiene kalea leheneratu beharko dute.
Aldameneko Zabalbide kaleko bizilagunak izan ziren Arartekora jo zutenak, kalearen istearen ondorioz aparkatzeko eta euren etxeetara heltzeko arazoak baitzituzten. Halaber, herritarren defendatzaileak udal-idazkariaren txosten batean oinarritu zuen bere erabakia; izan ere, neurriaren behin-behinekotasuna bermatzen zuen idazkirik ez zegoen. Udalbatzak zehaztu zuenez, itxiera "behin behinean" gauzatu zen, Hezkuntzako ordezkariakaz izandako bilera baten ondoren, COVID-19aren testuinguruan "ikasleen burbuilak errespetatzeko".
Berrezarpen horregaz, kalea trafikora berriz ere zabaldu eta horretako 50 aparkaleku inguru berreskuratuko dituzte. Halaber, udal-iturriek azaldu dute leheneratze lanak baliatuko dituztela espaloiak hedatu eta irisgarritasuna hobetzeko. Zehaztu dutenez, lanak ekainean hastea aurreikusi dute.
Aitzitik, Zipiriñeko IGEak ardura azaldu du erabaki horren aurrean, berez leku-arazoak dituen ikastetxeak jolastokian lekua galduko baitu. Hezkuntza sailak ikastetxearen leku-arazoak konponduko zituela iragarri zuen, baina neurriak oraindik ez du data-zehatzik, bakarrik adierazi zuen hurrengo bost urteen buruan egingo dituztela doikuntzak.