Hezkuntza Sailak bi urteko epea ezarri zuen 2021ean Sopelako biztanleriaren eta udalerriko zentroetako matrikulazioen bilakaera aztertu eta erabaki bat hartzeko. Bada, atzo, eskola berria eraikiko dutela jakinarazi zieten Zipiriñeko IGEko kideei eta Sopelako Udalari. Lehenek "oso positibotzat" jo dute erabakia eta Hezkuntzak izan duen "herri ikuspegia" eta plaza berriak sortzeko ekimena eskertu dute.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako egitasmoari esker zentro berria eraikiko dute Loroñon, Zipiriñeren leku-arazoak konpontzeko helburuagaz. Hala ere, egitasmoa ez dator guztiz bat gurasoek 2021ean egin zen prozesu parte-hartzailean erabakitakoagaz, orduan, gurasoek Zipiriñeren parte izango zen Haur Hezkuntzarentzako beste eraikin bat egitea aukeratu baitzuten.
Jaurlaritzak hezkuntza eskaintza publikoaren eraldaketa integral bat proposatu du Sopelan: alde batetik, gurasoek eskatu zuten bezala, Loroñon eraikin berria egingo dute Zipiriñeren hezkuntza-egitura beragaz, hau da, ikasleak eskola bien artean banatuko dituzte hezkuntza eskaintza integrala eskaini ahal izateko –Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza–, horrenbestez, Zipiriñen DBH ere hasiko dira eskaintzen. Bestetik, ikasleek 16 urte betetzen dituztenean udalerrian jarraitu ahalko dute ikasten Iberren Batxilergoa eskaintzea baita Hezkuntza Sailaren helburua; orain arte, ikasleak Plentzia edo Getxoko institutuetara joan behar ziren horretarako.
Epeak
Epeei dagokienez, Hezkuntza Sailak ez ditu zehaztu egitasmoa gauzatzeko datak, baina aurreratu dute litekeena dela hurrengo bost urteetan garatzea. Momentuz, Zipiriñen zenbait hobekuntza egingo dituztela iragarri dute, ikastetxearen leku-arazoak arintzeko. Udaldian egingo dituzten jarduketetan iragarri dutenez, gimnasioa hedatuko dute Akilino Arriolara noranzkoan, psikomotrizitate gela berrituko dute eta jolastokiaren estalkia ere hedatuko dute.
Sopelako Udaletik ere euren poza adierazi dute eta Josu Landaluze alkateak ere erabakia txalotu egin du. Halaber, eraikin berrirako 8.000 metro koadro inguruko lursailari dagokionez, Landaluzek iragarri du arau subsidiarioen aldaketa puntuala Sopelako Udaleko Ingurumen Arloaren ikuskaritzapean dagoela une honetan. Dagokion txostena idatzi ondoren, proiektuaren aurreikuspena osoko bilkurara eramango dute hasierako onespena emateko, eta, argi berdea jasotzen badu, "litekeena da irailean edo urrian lursaila Hezkuntza Sailaren esku jartzea", aurreratu du alkateak.
EH Bilduk ere erabakia ospatu du, beraiek izan baitziren Loroñon eraikin berria egiteko proiektua aurkeztu zutenak, eta gurasoek 2021ean aukeratu zutena, hain zuzen. Koalizioko kideek egin duten lehen balorazioa positiboa izan den arren, hurrengo maiatzean hauteskundeak egingo direla kontutan hartuta, zuhur azaldu dira, eta egitasmoa testu ofizial batean ezartzeko exijitu dute: "Ez dugu onartuko albiste honen atzean Jaurlaritzak formalki konpromisorik ez hartzea, ezta benetako urratsik ez ematea ere".