Hezkuntzaren arabera, Sopelako eskola berrirako lursaila "ez da balizkoa"

Ander Zarraga 2023ko api. 28a, 14:03

Zipiriñeko ikasleak ikastetxearen leku-arazoak salatzeko eta zentro berria aldarrikatzeko egindako manifestazio batean. © STEILAS SINDIKATUA

Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzako teknikari batek igorritako txosten baten arabera, Sopelan iragarritako hezkuntza publikoko zentro integral berria eraikitzeko lursailak ez du balio aurreikusitako ezaugarrietako ikastetxe bat hartzeko. 

Zipiriñe ikastetxeak aspalditik dituen leku-arazoei konponbidea emateko, besteak beste, Hezkuntza Sailak martxoan iragarri zuen ikastetxe publiko integral berri bat eraikiko zuela Sopelan. Zentro berria Loroñon dagoen aparkalekuan eraiki behar zuten, baina igorritako azken informazioek diote egitasmoa arriskuan egon daitekeela. 

Batetik, Hezkuntza sailak adierazi du Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako bi edo hiru lerro edo ikastaro dituen zentroa hartzeko lursailak 8.500 metro koadro beharko lituzkeela, baina Loroñok 4.500 metroko azalera baino ez duela. Bestetik, dokumentuak gaineratzen du Loroñoko lursaila ez dela udalerriaren garapen urbanistikoko eremuetan kokatzen.

Zentzu horretan, atzo egin zen Udaleko osoko bilkuran, Sopelako EH Bilduk "egoera larria" dela nabarmendu eta gobernu-taldearen "gardentasun falta" salatu zuen, Hezkuntza Sailaren proposamenari buruzko informazioa ezkutatu duelakoan. Halaber, azken jakinarazpenaren harira, hautabide pedagogiko "onena eta bideragarriena" Sopelako hezkuntza-komunitateak proposatutako egitasmoa dela azpimarratu zuten: Loroñon Haur Hezkuntzako eraikina egitea, Zipiriñen Lehen Hezkuntza mantentzea eta Iberren Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa eskaintzea.

Bere aldetik, Josu Landaluze alkate jeltzaleak ziurtatu zuen orain arte ez dutela lursailaren baliogabetasunaren berririk izan eta gaitzetsi zuen Hezkuntzak azaldutako irizpideek ez dutela oinarririk, "Loroñon metro gehiago eraiki baitaitezke". Halaber, atzoko bilkuran jakinarazi zuen udal-arkitektoak plano takimetriko bat igorri zuela, "proiektuagaz has daitezen". Horrenbestez, adierazi zuen hurrengo egunetan erabakiko dutela Loroñon ikastetxe berria eraikiko duten ala ez, "Sopelak ez baitu horretarako lursail egoki gehiagorik".

Horrez gain, Hezkuntza Sailak ez du egitasmoa gauzatzeko epe finkorik ezartzeko konpromisoa agertu, bakarrik iragarri zuen litekeena dela proiektua hurrengo bost urteetan garatzea. Are gehiago, EH Bilduk argitaratutakoaren arabera, "Eusko Jaurlaritzak 12 urteko epea du EAEn ikastetxe zentro itegral berriak eraikitzeko".

Momentuz, Sopelako Hezkuntza Mahaiak idatzizko erantzunak eta eragile guztien arteko aurrez aurreko bilera bat eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun