Barikuan, Hezkuntza Sailak Sopelako Udalari igorritako dokumentu berrian aurretik esandakoa gezurtatu eta Loroñoko lurretan zentro publiko integral berria eraikitzea posible dela adierazi zuen. Dokumentuaren arabera, jasotako plano takimetriko datu berriei esker, hasiera batean aurreikusitako lursaila hedatu eta inguruko lurrak baliatu ditzakete. Hedapen horri esker, Zipiriñeren laku-arazoak konponduko dituen Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako zentro berria eraikitzea posible izango da. Zehaztu dutenez, eraikin berrirako 9.741 metro koadroko azalera izango lukete baliagarri, hasiera batean, hezkuntzak gutxienez 7.200 exijitzen zituenean.
Zentzu horretan, Sopelako EH Bilduko ordezkariek euren ardura azaldu dute ikastetxe berria eraikitzeko epeen luzapenagatik, eta Hezkuntza Sailari zehaztapen gehiago eskatu zizkioten. Halaber, egoera ahalik eta azkarren argitzeko asmoagaz inplikatutako eragile guztien arteko bilera iragarri zuten.
Halaber, Josu Landaluze alkateak zera adierazi zuen barikuan igorritako informazioen harira: "Lursailak Hezkuntzak eskatutako baldintzak betetzen dituela baieztatzeak esan gura du azken lau urteetako lanak emaitzak eman dituela".