Perderika Azkorra izango da DBTU alderdiaren zerrendaburu berria Sopelan

Ander Zarraga 2023ko mai. 11a, 12:26

Perterika Azkorra izango da DBTU alderdi sopeloztarraren zerrendaburu eta bozeramaile berria. © DBTU

Maiatzaren 28an egingo diren udal-hauteskundeetan hiru plataforma independentek aurkeztuko dituzte hautagaitzak Sopelako Udalbatzan jarlekua lortzeko: BB, DBTU eta AVS/SAA. Orain arte, hiruetatik DBTU izan da ordezkaritza izan duen bakarra, baina orain arteko zinegotziak alderdia utzi duenez, Perderika Joseba Azkorra izango da Denok Batera Sopelako alderdia aurkezteko ardura hartuko duena.

Hautagaiagaz batera, alderdiaren logoa ere eguneratu dute eta diotenez, konpromiso irmoa dute "Udala auzotarren partaidetzara irekitzeko"; horretarako, Azkorra, "bizi guztiko sopeloztarra", izango da alderdiaren zerrendaburu eta bozeramaile berria. Halaber, alderdiko kideek iragarri dute aldaketa zantzuakaz datorren legealdian agintzeko giltza ere izango direla.

Hautagaiak iragarri duenez, alderdiaren jardueren ardatzak izango dira etxebizitza, parkeen handitzea, udalerriko kaleetan oinezkoentzako irisgarritasuna bermatzea, tokiko energia-komunitateen bitartez burujabetza lortzea eta genero-ikuspegia udal-politiketan txertatzea.

Azpimarratu dute hautagaiek udal-talde gisa esperientzia handia dutela, eta hurrengo udal-gobernua osatzeko funtsezkoak izango direla: "Sopelak behar duen gobernua emateko giltza gara"

Zinegotzi kaleratua

Bere aldetik, orain arte DBTUren zinegotzi eta bozeramaile izan den Jon Andoni Gerediagak alderdia utzi eta Bizkaia Bai alderdiagaz aurkeztuko du bere burua Sopelan. Hautagaitza independente horrek Galdakaon ere izango du zerrenda bat, eta diotenez, euren helburua da "estatutuan jasotako printzipioakaz bat datozen Bizkaiko beste udalerri batzuetako bizilagunen eskura dagoen tresna bat izatea".

Gerediagak adierazi du orain arte ordezkatutako alderdia utzi duela kideakaz izandako desadostasunen ondorioz. Azpimarratu duenez, "garrantzitsuena da udalerrian talde politiko independente bat egotea, auzotarren interesak defendatzeaz baino arduratzen ez dena eta ezein alderdiren buruzagitzari obeditu behar ez diona. Bloke handien jarduna kontrolatuko duen prestakuntza".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun