Ezohiko osoko bilkura horretan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osatzen duten gobernu-taldeak proposatu zuen batzorde informatiboen kopurua bederatzitik seira gutxitzea, "Udalaren eraginkortasuna areagotzeko eta 40.000 euro aurrezteko". Gobernu-taldeak argudiatu zuen hainbat arloren arteko komunikazioa eta koordinazioa hobetzeko helburua duen neurria dela.
Esaterako, Kultura, Euskara eta Hezkuntza Sailak Kirola eta Aisialdiagaz batu zituzten, Komunitatea edo Herrigintza batzordea eratuz. "Batzorde horren helburua da Sopelako herritarren bizitza komunitarioa aberasten duten alderdi kulturalak jorratzea", azaldu zuten.
Gainera, Gizarte Ekintza, Emakumea eta Berdintasuna eta Garapenerako Lankidetza arloari Gazteria Arloa ere gehitu zioten. Gazteria aisialdiari eta kirolari lotuta egin da orain arte, baina gobernu-taldeak iritzi du Sopelako gazteek dituzten erronkek bestelako erantzunak behar dituztela, hala nola etxebizitza, enplegua, osasuna, zaintzak eta abar.
Berritasun gisa, Kudeaketa izeneko batzordea ere aurkeztu zuen gobernu-taldeak. Udalaren antolamenduan eragina duten zeharkako arlo guztiak sartu zituzten bertan, eta gainerako arloei lagunduko dietela azaldu zuten, hala nola udal-administrazioari, langileei, herritarren segurtasunari, komunikazioari eta informatikari.
Horregaz batera, Lurralde-antolaketa batzordean hirigintza, etxebizitza, ingurumena, obrak eta zerbitzuak sartu zituzten. Halaber, konomia atalean aurrekontuei, zergei eta tasei buruzko kontu guztia sartu zuten, gobernu-talde berriaren aburuz, "duten garrantziagatik batzorde propioa merezi baitute”
Espedienteetara sarbidea
Azkenik, gobernu-talde berriak Udal Erregelamendu Organikoaren aldaketa puntuala ere proposatu zuen, Udalbatzako kideak udal-espediente guztietara sarbide librea izan dezaten. Hori "positibotzat" jo dute udal-talde guztiek, "zinegotzien lana errazten duelako, udal-teknikariak lan erantsitik askatzen dituelako eta Udalaren beraren gardentasuna areagotzen duelako".