Zer sentimendu dituzu alkate gisa izendatu ostean? Zelan bizi izan dituzu lehenengo une horiek, eta zeintzuk aurreikuspen dituzu hurrengo lau urteetara begira?
Oso hunkituta sentitu nintzen eta aldi berean sentsazio ezberdin askorekin. Lehenik eta behin, eskertuta sentitu nintzen, hemen bainago, EH Bildurengan jarri duten konfiantzagatik. Halaber, oso pozgarria da egindako lan guztiaren emaitzak islatuta ikustea. Gainera, ilusio handia ere sentitu nuen, sinesten dugun eta landu ditugun proiektu horiek guztiak aurrera eramateko aukera izango baitugu orain. Egia esan, bertigo pixka bat ere sentitu nuen, gauza askori egin behar zaie aurre eta lan asko egin behar da, baina sortu dugun taldean pentsatzen dudan heinean sentsazio hori lausotu egiten da.
Esperotako emaitzak lortu dituzue azken hauteskundeetan?
Espero baino hobeak izan dira. Egia da, kasuistika desberdinengatik zortzi zinegotzi lortu ditugula; tartean azken legegintzaldian herrian egin dugun lana, eta oso positibotzat jotzen dugu hori, nolabaiteko "lasaitasunez" gobernatzeko aukera ematen baitigu.
Daborduko badakizue zer-zelako banaketa izango duen gobernu-taldeak, eta zeinek hartuko duen ardura bakoitza?
Bai, egia esan zerrenda osatu genuenean profil desberdineko pertsonak bilatu genituen arlo bakoitzaren arduradun izateko. Errepikatzen dugun zinegotziok ere bageneukan banaketa hori eginda; oraingoan, profil berriak gehituko ditugu.
Zeintzuk helburu jarri dizkiozu zure buruari hurrengo lau urteetan alkate gisa?
Nire helburu nagusia herritarrekin egotea eta behar dituzten beharrak asetzea litzateke. Oso helburu zaila da, baina asmo handikoa izan behar du helburu horretara ahalik eta gehien hurbildu ahal izateko. Azken finean, gobernantza eredu berri bat proposatzen dugu, eredu hurbilago bat.
Zeintzuk dira udalerriak dituen erronka nagusiak eta zeintzuk izango dira horiei heltzeko zure estrategiak?
Gure herri-programan azaltzen genuen bezala hezkuntza eta etxebizitza izango dira gai garrantzitsuenetarikoak. Horretarako gure eskuetan dauden neurri guztiak jarriko ditugu martxan. Sopelako hezkuntza zentroen masifikazioa konpontzeko lursail aproposak Hezkuntza Sailaren esku utziko ditugu eraikin berriak egin ditzan; Babes Ofizialeko Etxebizitzak (BOE) eraikitzeko behar diren plan partzialak onartuko ditugu; eta lonjak etxebizitza bihurtzeko ordenantza berriak ere sortuko ditugu (BOEren baldintza berdinetan).
Nola sustatu gura duzu herritarren parte-hartzea eta gardentasuna udal-gobernuaren erabakietan?
Joan den legegintzaldian proposamen zehatza egin genuen hori irudikatzeko: Udalak kanpo aholkularitza baten laguntza izatea (ahal izanez gero, unibertsitateak inplikatuz) gure funtzionamenduan parte-hartzearen kultura finkatzeko. Ez bakarrik aurrekontuen prozesuan edo zenbait proiektuen prozesuetan, baizik eta Udalaren funtzionamendu osoan. Gardentasunari dagokionez, beste neurri batzuen artean, Udalaren Araudi Organikoa aldatuko dugu (batzordeak publikoak izateko, zinegotzi guztiek informaziora sarbide librea izateko., etab.).
Zein da zure jarrera ingurumenari dagokionez eta zein dira udalerrian jasangarritasuna sustatzeko ezarri gura dituzun ekintzak?
Ingurumenari ez diogu behar beste balio ematen eta hori da nire ustez aldatu behar den lehenengo gauza, ezagutzen ez duguna ez dugulako babesten. Horregatik oso garrantzitsua da ingurumen heziketa eta gure ingurua ondo ezagutzea. Horregatik fokua heziketan jarri behar da, oinarria delako, ez eskoletan soilik, baizik eta auzokide ororentzat (hondakinen banaketa, kontsumitzeko era…). Hemen zorte handia daukagu Eraztun Berdea eraikitzeko bidea hazi delako eta horrek lagunduko duelako beharrezkoa den pedagogiarekin eta zonalde desberdinen babesarekin.
Zein neurri hartuko dituzu herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, hala nola hezkuntzan, osasunean eta enpleguan?
Hezkuntzan eta ingurugiroan jadanik aipatu ditut gure ideiak. Osasunean, nahiz eta gure eskumena ez izan, Sopelako anbulatorioak dituen beharrak aldarrikatu Osakidetzaren aurrean. Enpleguan Uribe Kosta mailako ardura duen Behargintza izeneko eskualdeko enplegu agentzia fiskalizatzea, bere funtzioa hobeto gauzatu dezan. Hala ere, badago beste alor bat sopeloztarren bizi-kalitatea hobetuko duena: oinezkoei, hau da, pertsonei lehentasuna ematea, irisgarritasuna zainduz eta kotxeei mugak jarriz. Azken finean, mugikortasun jasangarrian sakondu behar dugu: bidegorri sarea osatu, metroaren maiztasuna handitu eta Bizkaibus-en ibilbideak zabaldu. Azken bi ildo horiek ez dira udalaren eskumenak, baina bai aldarrikatu beharreko zerbait.
Gertura begira, proiektu berezirik duzu buruan?
Erdigunean oinezkoei lehentasuna emateko proiektua. 2011-2015 legegintzaldian EH Bilduk bultzatutako proiektua zen, ondoren EAJ-ak blokeatu zuen 2015-2019 legegintzaldian eta, azkenean, joan den legegintzaldian abian jarri zen. Proiektu hori ahalik eta azkarren bukatzea da gure asmoa. Asko atzeratu da. Gainera, egungo proiektua hobetzeko aukerak ere egon daitezke.
Gehiengo osorik ez duzue lortu gobernatzeko, beraz, oposizioagaz hartu-emanean ibili behar zarete erabakiak hartzeko. Zelan aurreikusten duzu gainontzeko taldeekiko harremana?
Gehiengo osoa lortzeko zinegotzi batera gelditu gara: baina hori oztopo izan beharrean, aberasgarria da. Elkarrekin Sopelarekin gobernu-talde sendoa eta egonkorra sortu dugu. Azkenengo legegintzaldian hainbatetan elkarrekin lan egin izan dugu eta horregatik eskaini genien gobernu taldera sartzea, aurrekoan bezala elkarlana sustatzeko. Gainontzeko taldeekin harreman zuzena ere izango dugu, noski, beti emango dugu aukera gaiak lantzeko eta eztabaidatzeko. Azken finean, udal-talde horiek sopeloztarren zati garrantzitsu bat ordezkatzen dute, eta haien ideiak ere jaso behar ditugu.
Sopelako Auzo Alternatiba (AVS) taldeagaz lankidetza-hitzarmen bat sinatu duzue. Bertan zer zehaztu duzue?
Laburbilduz, behar edo eskatzen duten informazio guztia helaraziko zaie. Talde independente bat da eta argi utzi zuten independentzia hori mantendu nahi dutela. Horrek ez du esan nahi gai zehatzen inguruan ezin izango dugunik akordio puntualetara iritsi.