Zipiriñeko eta Iberreko leku-arazoak konpontzeko beharrezkoak diren lurrak Eusko Jaurlaritzari lagatzeko aurrerapausoa eman du Sopelako Udalak

Iker Rincon Moreno 2023ko abu. 3a, 12:41

Zipiriñeko leku-arazoak konpontzeko eraikiko duten zentro berriarentzako aukeratutako Loroñoko lursaila. © GOOGLE

Joan den uztailaren 27an egindako osoko bilkuran berretsi egin zuen Sopelako Udalbatzak tokiko hirigintza-araudiaren hasierako onarpena. Horri esker, arduradunek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esku jarri ahal izango dira Loroñon eta Abaron kokatutako lurzati bi, Zipiriñe eta Iberre ikastetxearen masifikazio-arazoak konpontzeko Sopelan ikastetxe berri bat eraikitzeko proiektua gauzatzeko. 

Guruzne Carrasson alkateak nabarmendu duenez, erabaki hori "bat dator" Sopelako hezkuntza-komunitateak Zipiriñeko eskola Loroñoko aparkalekuaren partzelan handitzeko eta Iberreko Institutuan batxilergoa emateko egindako planteamenduagaz.

Hala, hasierako onespen horren bidez, Udalak hasiera eman dio "ziur aski 2024ko urtarrila aldera amaituko den prozesuari", Zipiriñe ikastetxea handitzeko xedez partzela hori Hezkuntza Sailari behin betiko lagatzen zaionean. 

Abaroko partzelaren kasuan, osoko bilkurak, gainera, lursailak aldez aurretik okupatzea du Udalak, zuzenean Hezkuntza Sailari laga diezazkion. "Alegazioak aurkezteko hilabete egongo da, eta, beraz, Abaroko lursailak irailetik aurrera lagako zaizkio Eusko Jaurlaritzari", nabarmendu du alkateak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun