Zipiriñe hedatzearen inguruko zalantzak argitzeko kontsulta-epea ireki du Sopelako Udalak

Ander Zarraga 2023ko abu. 29a, 12:51

Zipiriñe ikastetxea, artxiboko irudian.

Herritarrek irailaren 8ra arte izango dute epea Zipiriñe eta Iberreko leku-arazoak konpontzeko proiektuaren inguruko zalantzak argitzeko. Uztaileko osoko bilkuran gobernu-taldeak onartutako Sopelako Arau Subsidiarioak aldatzeko prozesuari buruzko informazioa jasoko dute erredakzio-taldeagaz aurrez aurreko hitzordua eskatuz.

Aurreko uztailean, Sopelako Udalak berretsi egin zuen udalerriko hirigintza-araudiaren aldaketaren hasierako onarpena. Erabaki horri esker, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esku utzi ahal izango dituzte Loroñon eta Abaron dauden lursail bi, Zipiriñe ikastetxeak eta Iberre institutuak dituzten leku-arazoei erantzun ahal izateko. Administrazio-prozesuaren hasierako onarpenagaz Udalak aurreikusi du 2024ko urtarrilerako burutzea lursailak Hezkuntza Sailari lagatzeko prozesua.

Ildo horretan, Udalbatzak herritarrentzako kontsulta-epea ere ireki du, sopeloztarrek proiektuaren inguruan dituzten zalantzak aurkeztu ditzaten; horretarako, informazioa aurrez aurre jasotzeko hitzordua eska dezakete erredakzio-taldeagaz edo bulego teknikoagaz. Hitzorduak Udaleko Bulego Teknikoagaz harremanetan jarriz eska daitezke, 944 065 500 telefono-zenbakira deituz (207 luzapenagaz) edo e-mail bat bidaliz hirigintza@sopela.eus helbide elektronikora.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun