Larrabasterrako auzoetxeko kideek zabaldu dutenez, duela gutxi sortu zuten proiektu hau, baina, hala ere, bere etorkizuna ez dago argi: "Badira hilabete gutxi batzuk Larrabasterrako txoko abandonatu eta ahaztu hau ilusioz bete genuenetik. Bizi berri bat eman diogu. Ez dakigu, ordea, bizi horrek zenbat iraungo duen".
Hala, salatu dute bigarren epaiketa honegaz auzoetxea biziberritzearen "zilegitasuna" kolokan jarriko dutela. "Gaur arrazoia zeini eman erabakiko dute: milaka milioi aberastasun dituen instituzio bati, zeinek lekuari inongo erabilerarik ematen ez dion; edo herriko jendeari, zeintzuek euren baliabide soilak erabiliz hutsik zegoen eremu bat berpiztu duten, momentu oro errespetuz jokatuz".
Era berean, herritar guztiei eremu autogestionatuak babesteko deia egin diete, "eremu horietan parte-hartuz, horietan borrokatuz, baita horiengatik borrokatuz ere".
Joan den ekainean, hainbat gaztek jakinarazi zuten Larrabasterrako Loiola Ander Deuna kalean dagoen Karmengo eliza okupatuta zegoela, aspalditik hutsik zegoen eraikin horretan gune autogestionatu bat sortzeko asmoz. Adierazi zutenez, euren helburua da "Uribe Kostako errealitate desberdinei erantzuna eman diezaioketen gunea sortzea".