Udal Idazkaritzaren eta Arartekoaren txostenei jarraituz, aurtengo otsailaren 3an, Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki zuen Sopelako Goiene kalea bere jatorrizko egoerara itzultzea. Hirigintza Saileko zinegotzi Mikel Tapiak nabarmendu duenez, "data horretatik aurreko legegintzaldiaren amaierara arte (2023ko maiatzaren 28a), ez zen proiekturik onartu eta ez zen obrarik kontratatu, eta, beraz, ezinezkoa izan da Goiene kalea uztailean eta abuztuan itzultzea".
Ekainaren 17an korporazio berria eta uztailaren 6ko Antolakuntza Osoko Bilkura eratu ondoren, gobernu-talde berriak, hainbat udal sailakaz batera (bulego teknikotik bertatik esku-hartze eta kontrataziora), Goienako obren lizitazio-prozesua garatu zuen uztailaren 7tik abuztuaren 8ra, interes publikoagatik presako izapidetzearen bidez. Azkenik, abuztuaren 18an obra alkatetza-dekretu bidez esleitu zen eta kontratua abuztuaren 30ean sinatu zen.
Obraren hasierari dagokionez, Udaletik nabarmendu dute eskolako jolaslekua arrastietan zabalik mantenduko dela erabilera publikorako, salbuespenak salbuespen, zinegotziak azaldu bezala: "Obraren beraren beharrengatik batzuetan izan ezik, eta kasu horietan Udalaren komunikazio-kanalen bidez jakinaraziko dira".
Lanak oraingo atea kendu eta berau eraitsiz hasiko dituzte, eta, horren ordez, behin-behineko ate bat jarriko dute, ikasleei Zipiriñera modu seguruan sartzea bermatzeko. "Hortik aurrera, obrak eskola-jardueran ahalik eta eragin txikiena izan dezan saiatuko gara, betiere ikastetxearen funtzionamendu egokirako beharrezko segurtasun-neurriak mantenduz", argitu du Tapiak.
Azkenik, Udalak, ahal den neurrian, Zipiriñera "oinez eta ez ibilgailu pribatuen bidez" joateko eskatzen die familiei.