Euskararen aldeko herri argazkia egingo du Sopelako Kuadrillak taldeak abenduaren 1ean

Nahia Martinez Gondra 2023ko aza. 27a, 14:15

Sopelako Kuadrillak Taldeak egindako jarduera guztiak euskara hutsean dira. © SOPELAKO KUADRILLAK

Euskararen eguna dela eta, argazkia abenduaren 1ean egingo dute, arrastiko 19:00etan, Sopelako Udaletxe plazan. Hala, irmoki salatu dute euskarak arlo judizialetik eta politikotik jasotzen ari duen oldarraldia: "Larritasun eta premia horren aurrean, ezinbestekotzat dugu mobilizatzea. Euskara erdigunean jartzeko momentua da".

Azaldu dutenez, euskararen egunaren atarian, beharrezkoa ikusten dute Sopelan euskararen aldeko indarra erakustea: "Herritarrok euskara babesteko eta sustatzeko dugun erabakitasuna adieraziko duen argazki bat atearazteko deialdia egiten dugu". Aitzitik, Sopelan orokorrean jendeak kalean zein komertzioetan gaztelaniaz hitz egiten duela onartu dute. "Dena den, gu baikorrak gara. Dinamika aldaketa bat ikusten ari gara: gaur egungo guraso gazte gehienek euren seme alabei euskaraz egiten diete, eta horrek etorkizuneko Sopela euskaldunagoa izatea eragin dezake. Gainera, ausartzen gara esatera kaleetan ere geroz eta euskara gehiago entzuten dela".

Hala, herriko kuadrillen artean "paradigma" berezi bat ematen dela azaldu dute: "Kuadrilla baten barruko kideen artean gehien erabiltzen den hizkuntza gaztelania bada ere, kuadrilla desberdinen arteko harremanak euskaraz dira askotan". Horregatik, elkartetik garatzen duten jarduera guztiak euskara hutsean egiten ahalegintzen dira, espero dutelako horrek kuadrillen hizkuntza ohituretan eragina izatea.

Era berean, azpimarratu gura izan dute euskara ez jakitea edota hitz egiteko zailtasunak izatea ez direla inoiz oztopo izango Sopelako Kuadrillen jardueretan parte hartzeko. "Hori bai, guk badakigu elkarte gisa erantzukizun bat daukagula herriaren euskalduntze prozesuan, eta hortaz, ahal dugun neurrian beti euskararen alde egingo dugu. Euskaldunak ez diren gazte kopurua testimoniala da. Kuadrilla guztietan dago norbait euskaraz ondo dakiena eta prest egongo dena euskara menperatzen ez duen horri laguntza eskaintzako", azaldu dute.

Halaber, nabarmendu dute euren ekintzakaz gainontzeko gazteei euskara ikasteko eta erabiltzeko "beharra" sortzen ari dietela: "Askotan jendeak ez du euskara erabiltzen argudiatuz ez duela ezertarako balio. Baina kuadrillen arteko ekimenetan euskara hutsean egin behar badute, euskarari sarritan kentzen zaion balio hori ematen diogu. Finean, gazteek euskararekiko jarrera positiboa izatea lortzen ari gara eta euskarari balio instrumentala emateaz gain, balio emozionalaz ere hornitzen dugula uste dugu".

Modu horretan, Sopelako Kuadrillak taldeak herritar eta eragile guztiak animatzen ditu abenduaren 1ean euskararen aldeko herri argazkia ateratzen, berriro ere, euskararen defentsa hauspotzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun