Abaroko Plan Partzialak aurreikusten du inguru horretan hainbat etxebizitza, babes ofizialekoak zein pribatuak, eta Iberre institutua hedatzeko proiektua. Arazoa da Sopelako Auzo Alternatibak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu duela jabeek lurren lagapenean atzera egin dutelako, eta horrek, praktikan, ikastetxearen hedapena blokeatzen du, besteak beste.
Egoeraren larritasuna kontutan hartuta, eta Sopelarentzako hain beharrezkotzat jotzen duten proiektua bi edo hiru urtez atzeratu daitekeela ikusita, Udalean ordezkaritza duten gainontzeko taldeek –EH Bildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Sopela– adierazpen bateratua egin zuten Sopelako Auzo Alternatibak aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa kentzeko eskatzeko.
Era berean, Iberre eta Zipiriñeko ikasleen gurasoen elkarteek gaitzespena azaldu dute blokeoaren aurka, daborduko txiki dauden hezkuntza publikoko zentroetako ikasleak kaltetuko dituelako, besteak beste, Iberreko hedatzea atzeratu edo kolokan jarri dezakeelako. Hori salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur, abenduak 28, 18:00etan, Sopelako udaletxearen atarian.