Abaroko hirigintza-plana blokeatu dezakeen auzibidearen aurkako mozioa aurkeztu dute Sopelan

Ander Zarraga 2023ko abe. 29a, 10:44

Atzo, udaletxeko plazan hainbat herritarrek manifestazioa egin zuten, Iberreko eta Zipiriñeko IGEek deituta. © IKER ELEJABARRIETA

Atzo egin zuten urteko azken Udalaren osoko bilkuran, EH Bilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Sopelak mozio bat onartu zuten Abaroko hirigintza-plana blokeatu dezakeen SAA alderdiaren auzibide-errekurtsoa kentzeko eskatzeko. Aldi berean, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin zuten herriko hezkuntza publikoko zentroak hedatzearen alde.

Sopelako Udalbatza osatzen duten 17 zinegotzietatik 16 ados jarri ziren atzo eta mozio bat onartu zuten Sopelako Auzo Alternatibak aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bertan behera uzteko eskatzeko. Argudiatu dutenez, errekurtso horrek Abaroko hirigintza-garapena blokeatu dezake, eta, sopeloztarrei gogoratu dietenez, Udalaren urratsek "gehiengo argia dute, Abaroko lurren jabeen % 100ek onartzen dituzte eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin sinatutako akordio batean oinarritzen dira". 

EH Bildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Sopela alderdiek adostutako mozioaren arabera, SAA alderdiak aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Abaroko Plan Partziala ziurgabetasun-egoera batean jarri du; izan ere, Iberreko institutua handitzeko lursailen jabeek uko egin zioten Sopelako Udalak hurrengo asteetan aurreikusitako okupazio aurreratuari. Okupazio horren helburua da Abaroko lursail horiek Eusko Jaurlaritzari behin betiko lagatzea institutua hedatu ahal izateko.

"Errekurtso hori aurkezte hutsak, de facto, eremu horren garapena geldiaraztea ekar dezake, gutxienez bi edo hiru urterako, eta Abaro inguruan Sopelako Iberre Hezkuntza Ertainetako Institutuaren handitzea, babes publikoko 490 etxebizitzen eraikuntza eta Gobela ibarraren eraztun berdearen biziberritzea kolokan jartzen dira. Ez dugu ulertzen nork izan dezakeen onura administrazioarekiko auzi honekin", azpimarratu dute mozioa aurkeztu duten lau alderdiek.

Erantzuna

Bere aldetik, Sopelako Auzo Alternatibak idatzi bat argitaratu du sare sozialetan azalduz herriko hezkuntza zentroen hedapenaren "guztiz alde" daudela, baina Udalak egindako "kudeaketa txarra" estaltzeko beraiei bota dietela errua. Era berean, gogoratu dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa auzoko bizilagunen elkarteak aurkeztu duela, eta ez AVS/SAA alderdian, nahiz eta bien kasuan, Marisa Gadea izan bateko presidentea eta bestearen zinegotzi bakarra.

Alderdi politiko horrek salatu du leporatzen zaiena faltsua dela Udalak hirigintza-egitasmo horren inguruan egin duen kudeaketa txarra frogatu gura dutela. Besteak beste, azaldu dute aurreko uztailean onartu zituzten Abaroko hirigintza-planaren arau subsidiarioak txarto egin zituztela, institutuaren hedapenerako ez dutelako lur nahikorik aurreikusten. Era berean adierazi dute auzi-errekurtsoak ez duela institutuaren hedatzea geldiarazten, "legez egitea baino ez dugu eskatzen, kostu ekonomiko eta ekologikorik izan ez dezagun". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun