Elkarrizketak

Nerea Azkona: "Isiltasun, tabu eta estigmaz beteriko bidea da jaiotza inguruko dolua"

Nahia Martinez Gondra 2024ko urt. 23a, 11:38

Nerea Azkona idazlea atzo Kurtzio Kultur Etxean egindako saioan. © NEREA AZKONA

Atzo eta gaur, urtarrilak 22 eta 23,  jaiotza inguruko doluari buruzko jardunaldiak egiten dabiltza Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Bertan parte hartu du Madre en duelo liburuaren Nerea Azkona idazle sopeloztarrak, Auri Lizundia izengoitiagaz ere ezaguna. Horregatik, beragaz elkartu gara bere azalean bizitako biolentzia obstetrikoaz hitz egiteko, baita jaiotza inguruko doluari buruzko estigmaz aritzeko ere.

Sopelako jaiotza inguruko doluari buruzko jardunaldietan parte hartzen zabiltza. Madre en duelo liburuaren aurkezpena egiteaz gain, tailer bat ere gidatuko duzu: Ilustrura, ilustrazioa eta idazketa terapeutikoa. Zertan datza?

Madre en duelo liburuaren aurkezpenak eta Ilustrura tailerrak lotura estua dute, liburuan kontatzen dudan bezala, niri bi gauzek salbatu nindutelako: arteak eta militantziak. Mina maitasun bihurtzeko prozesua hitzez hitz jarraitu nuen eta nire semearen heriotzaren oinazea maitasun mota oso zehatz batean bilakatu nuen: borrokatzen jarraitzeagatiko maitasuna. Hala, arteak, eta zehazki literaturak, sendatu egin ninduen, betiere umorearekin batera.

Beraz, orain beste emakume batzuk gonbidatzen ditut nirekin batera euren bizipenak "ilustruratzen". Denek gauza bera esaten didate: "nik ez dakit". Artea guztiona eta guztiontzat da, jakintasuna ez da beharrezkoa, sentitzea baino ez. Hala, "ilustruratu" aditza asmatu dut azken hori adierazteko, idazketa terapeutikoaz berba egiten badut jendea izutu egiten delako.

Zer kontatzen duzu Madre en duelo liburuan?

Euskal Herrian bost urtetan lau haurtxo galdu zituen antropologo baten testigantza da. Militantziari eta literaturari esker, bere istorioa kontatu ahal izan zuen bere ikasketek emandako tresnekin: etnografiarekin eta idazketarekin. Maitasun, indarkeria eta heriotza istorio bat da. Literatura unibertsaleko hiru gaiak. Istorio pertsonala da, baina ez da nitaz bakarrik ari, giza eskubideez hitz egiten duen indarkeria obstetrikoaren kontakizuna da.

Nolakoa izan da hain intimoa bezain politikoa den bizipen baten inguruan idaztea? Prozesu zaila izan da? Oztoporik izan dituzu?

Beti esaten dudan bezala, oso argi daukat nire hiru "p"-ak: pribatua nirea da, baina pertsonala ez da bakarrik nirea; politikoa ere bada. Liburuaren sarreran, sortze-prozesuaz eta datek izan zuten garrantziaz hitz egiten dut. 2022ko Gabonetan Gato Mojado argitaletxeak esan zidan liburuko eskuizkribua bi hilabetetan bazuten 2023ko maiatzean kaleratuko zutela. Beraz, urtarrileko zazpi egunetan idatzi nuen, maiatzean nire seme Herrik lau urte beteko zituelako.

Oztoporik ez dut izan. Hitzak bakarrik eta jarraian atera zitzaizkidan: ezin zitzaion omenaldi hoberik egin nire semeari, eta ez zegoen doluaren espirala ixteko modu hoberik ere niretzako.

Zergatik esango zenuke isilarazten dela jaiotza inguruko dolua? Eta nola eragiten du estigma horrek ama eta familietan?

Baimenik gabeko dolua delako. Horrek honako hau esan nahi du: dolu bat egoteko, osasun-sistemak eta gizarteak galera edo heriotza bat aitortu behar dute. Eta jaiotza-inguruko heriotzen kasuan, errekonozimendu hori ez da ematen. Horregatik, isiltasun, tabu eta estigmaz beteriko dolua da, borondatezko haurdunaldien etenduren kasuan.

Egun, gero eta gehiago salatzen da biolentzia obstetrikoa. Azken urteetan aldaketarik nabaritu duzu? Edo betiko moduan gaudela esango zenuke?

Ai, zelako galdera konplexua! Egia da gero eta gehiago hitz egiten dela indarkeria obstetrikoaz. Izan ere, Berdintasunerako Euskal Lege berrian jasota dago. Eta hori lorpen bat da. Baina, aldi berean, Nazio Batuen hiru ebazpenek Espainiar Estatua zigortzen dute indarkeria obstetrikoa erabiltzeagatik. Horietako bat da Donostiako Ospitalea. Hala, Osakidetzak komunikatu bat argitaratu zuen bere ospitaleetan indarkeria obstetrikoa ukatzeko.

Beraz, aldaketarik izan da? Bai. Nahikoak? Ez. Zoritxarrez, emakumeentzat eta haien sexu- eta ugalketa-eskubideentzat bide luzea dago oraindik egiteko.

Zure ustez, zer behar da biolentzia obstetrikoagaz amaitzeko?

Gure artean elkartu eta hitz egin. Jakin dezatela ez gaudela ez erotuta, ez bakarrik. Elkarrekin gaude eta kontziente gara eragiten digun indarkeria matxistaz. Garaiak aldatzen ari dira eta egun ezin du jarraitu betikoak. Futbol munduko jokalari txapeldunek esan zuten bezala: akabo. Eta hori egikaritzeko emakumeekin elkartzen naiz, osasun-langileak prestatzen ditut eta gizartea sentsibilizatzen dut.

Zergatik da garrantzitsua horrelako jardunaldiak antolatzea?

Esan berri dudana lortzeko. Gertatzen ari zaigunaz gizarteak kontzientzia hartzeko, erakundeek beren osasun-langileen prestakuntzaren aldeko apustua egiteko eta emakumeek indarkeria hau ez normalizatzeko eta ez pentsatzeko soilik guri bakarrik gertatzen zaigula. Ez. Emakume guztioi gertatzen zaigu eta bada garaia horri buruz hitz egiteko, horrekin amaitu ahal izateko.

Gehitu nahi duzun zerbait?

Eskerrak eman nahi dizkizuet bozgorailu izateagatik eta dolu perinatalaz eta indarkeria obstetrikoaz interesatzeagatik. Madre en duelo-k arrakasta handia izaten ari du: idatzi eta urtebetera nire etxean aurkeztu dut, Sopelan, eta ezin dit ilusio gehiago egin. Eskerrik asko guztiagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun