Zer da biolentzia obstetrikoa?
OMEren arabera, biolentzia obstetrikoa da emakumeek haurdunaldian edo erditzerakoan jasaten duten indarkeria. Bi eratan eman daiteke: tratu txar fisikoen edo baimenik gabeko prozedura fisikoen bidez, edota indarkeria psikologiko eta psiko-emozionalaren bidez, umiliazioa edo hitzezko abusuak erabiliz. Esaterako, erditze batean, emakume bati analgesikoa jarri zioten zain barnetik, eta hori kexu zen hala ere mina sentitzen zuelako. Mediku batek isiltzeko esan zion, ezin ziola hainbesteko min eman, analgesia baitzuen. Hala, nahiz eta kexatzen jarraitu, ez zioten kasurik egin; beranduago, konturatu ziren itogina ez zutela ireki. Horixe da indarkeria psiko-emozionalaren adibide bat. Itogina irekita egon izan bazen ere, pertsona horiek emakume hori entzun eta artatu behar zuten.
Nola identifika dezake emakume batek biolentzia mota hori pairatzen ari dela?
Ez da erraza. Horregatik, aldez aurreko prestakuntza egitea oso garrantzitsua da. Indarkeria fisikoak errazago identifikatzen dira. Indarkeria psikologikoaren kasuan, askoz ere sotilagoak dira, izan ere, emakumearen autoestimuaren, bere bizitzan dituen harreman moten eta bere ahalduntze mailaren arabera, errazagoa edo zailagoa egingo zaio hautematea. Hala ere, beti du eragina emakumearengan. Agian ez daki zehazki zer gertatzen ari den, baina trauma bategaz eta min emozional bategaz irtengo da erditze-gela edota kontsulta horretatik.
Ba al dago indarkeria honen aurkako protokolo espezifikorik?
Erditzeen kasuan, emakumeek erditze-plana izeneko dokumentua dute beren erditzea nolakoa izatea gura duten erabakitzeko. Hala, erabaki dezakete zein prozeduragaz sentitzen diren erosoago: ea uzkurdurez jabetu gura duten edo ez, zer kasutan beharko litzatekeen zesarea, etab. Garrantzitsua da emakumeek medikuagaz hitz egitea erditzean zehar gerta daitezkeen egoera guztiez informatzeko, erditzea baina lehenago, horren bitartean, eta hori gertatu eta gero.
Urgentziazko kasu batzuetan, erditze-plan horretan zuk gai batzuk zehaztu badituzu ere, baliteke zuk onartu ez dituzun gauza batzuk beharrezkoak izatea. Beraz, protokolorik onena profesionalagaz komunikatzea da, baimen hori erabakitzeko, eta nik zer gura dudan komunikatzeko. Hala ere, nahiz eta protokoloa egon, gero ez da praktikara eramaten, eta orduan gertatzen da indarkeria obstetrikoa. Errealitatean ez da betetzen larrialdi-egoera batengatik, edota mediku-taldeak ez dizulako egiten ari denaren berri ematen.
Medikuek emakumearen eta fetuaren bizitza salbatu behar dutela esaten da. Emakumeari komunikatzeko denborarik ez badago emakumearen bizitza arriskuan jartzen duen muturreko egoera batean gaudelako, prozedura jakin batzuk egin beharko dituzte, eta agian zu ez zeunden ados prozedura horiekaz. Egoera hori ahalik eta gehien murriztu beharko zatekeen, benetan larrialdia den egoeretara mugatuz. Emakumearentzat errespetuzkoa dena da beti egoera azaltzea eta hori beharrezkoa dela esatea. Baimen hori badugu, indarkeria hori saihesten ari gara.
2021eko uztailean, Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak ukatu egin zuen indarkeria obstetrikoa zegoela, ohar baten bidez, termino hori "errealitategaz bat ez datorrela eta profesionalak kriminalizatzen dituela" adieraziz. Hala, osasun-sistemaren barneko pertsona askok indarkeria hori ukatzen dute. Zergatik uste duzu gertatzen dela?
Iaz, Espaniar Estatuko abortuaren legearen barruan, indarkeria obstetrikoaren kontzeptua txertatzen saiatu ziren. Azkenean, ez zuten legera eraman, mediku-komunitatea haserre zegoelako indarkeria obstetrikoaren terminologiagatik. Baliteke ondoeza sentitzea, azkenean gertatzen ari den zerbait nabarmentzen ari direlako, baina gaur egun egin diren ikerketek erakusten dute emakume askok bizi duten indarkeria dela. Presioek abortuaren legearen barruan ez sartzea eragin dute, baina ezin diogu utzi horri buruz hitz egiteari pertsona horiek "seinalatuta" sentitzen direlako.
"Kontsulta batera edo erditze-gela batera doan emakumeak botere-harreman bertikala biziko du, non agintaritza duen pertsona profesionala izango den. Askotan, haiek ez dira jabetzen aurrean dagoen pertsonarekiko botere-harremana dutela, eta hori oso larria da, horrek abusua errazten baitu. Emakume bat zure kontsultan sartzen denean, jada ez da kaleko emakume bat, zure pazientea bihurtzen da"
Zer behar da indarkeria obstetrikoagaz amaitzeko?
Hasteko, hezkuntza eta aldaketa trantsizionala behar ditugu. Profesional horiei lagundu behar zaie ulertzen emakumearen gorputza eta osasun fisikoa eta mentala errespetatu behar direla. Niri ez zait gustatzen konponbiderik eman gabe seinalatzea, eta, beraz, nire ustez, figura behatzaile edo bideratzaile bat sor daiteke erditze-prozesuetan. Horretarako propio eratutako figura horiek medikuei lagunduko diete egoera behatzen, inongo epaiketarik egin gabe. Ondoren, emakumeak elkarrizketatuko nituzke, erditzean nola sentitu diren jakiteko. Eta inkesta horiekaz, mediku-taldeagaz berriro bildu eta haiekaz hitz egingo nuke, akatsak, abusuak eta arazoak antzeman dituztela jakinarazteko. Beraz, haiek lagunduko diete talde-dinamika bat sortzen, hori gerta ez dadin.
Arazoa da, askotan, taldean errotuta dauden dinamikak direla, eta ezin direla egun batetik bestera aldatu. Lege bat jarri arren, zaila da lantalde baten dinamika aldatzea. Indarkeria obstetrikoa egiten duten pertsona guztiak kaleratzea eta ordezkatzea irreala da, horretarako profesionalik ez dagoelako. Nire ustez, egin dezakeguna heztea, prestatzea eta legeak egitea da.
Ildo horretan, legeriaren bidea dago ere. Taldea hezi ondoren, indarkeria obstetrikoa eragiten duten medikuei faltak ezarriko nizkieke legearen bidez. Halaber, emakumearen kalte moralarentzako kalte-ordainak arautzen dituzten legeak behar ditugu. Izan ere, Emakumearen Aurkako Diskriminazioa Ezabatzeko Nazio Batuen Batzordeak hiru aldiz seinalatu du Espainiar Estatua indarkeria obstetrikoagatik 2019. urtetik. Kasu zehatz horietako batean, Auzitegi Nazionalak ez zuen kalte-ordainik eman emakume horren kalte fisikoa edo psikologikoa konpontzeko. Espainiar Estatuan ez dago emakumeak jasaten ari direna baieztatzen duen aitorpen moralik. Beraz, une honetan doan ateratzen zaio Estatuari indarkeria obstetrikoa.