Guraso-elkarteak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak epe ertain-luzean proposatzen dituen proposamenak alde batera utzita, arazo horri "berehala" aurre egingo dioten konponbideak behar dituzte: "Masifikatu gabeko kalitatezko instalazioez gozatu ahal izatea beharrezkoa da, liburutegiak, gela espezializatuak edo aisialdirako guneak bezalako baliabideakaz". Gainera, Sopela BHIn DBH ikasi nahi duten ikasle guztiei lekua egitea eta udalerrian Batxilergoa ikasi ahal izatearen beharra azpimarratu dute.
Nabarmendu dutenez, toki gehiago izateko egun duten irtenbide errealista bakarra Abaro sektoreko alboko lurzatia erabiltzea da. "Horrek aukera emango luke ikastetxea arintzeko eta ikastetxe batzuei irtenbide partziala emateko", baieztatu dute. Halaber, Sopelako Udalak beharrezko izapideak egin ditu lursail hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esku uzteko eta lan egiten hasteko lursailak aldez aurretik okupatu ahal izateko. "Baina SAAk jarritako errekurtsoak prozesu osoa geldiarazten du de facto, eta proiektu horregaz aurrera egitea eragozten du. Horregatik guztiagatik, berriz ere eskatzen diogu Sopelako Auzo Alternatibari Gobernu Taldea eta hezkuntza-komunitate osoa entzuteko, eta behingoz kentzeko ikastetxe horietako ikasle guztien familiei itxaropena ematen zien plan desiratua bertan behera uzten duen baliabide hori", nabarmendu dute.