Sopelako Auzo Elkarteak jarritako Abaroko Plan Partzialaren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeak segurtasun juridiko gabezia handia sortu zuen Iberreko Institutuaren ondoko lursailen jabe txikietan. Horregatik, jabe horiek abenduaren amaieran formalki aurkeztu zuten Udalak legegintzaldi honetako lehen osoko bilkuran erabakitako okupazio aurreratuaren aurkako jarrera, eta, beraz, okupazio aurreratuaren prozesu hori blokeatuta egon da orain arte.
Hala ere, otsailaren 26an, eta aldez aurretik hainbat harreman izan ondoren, jabeek eta alkateak Abaroko lursailen okupazio-aktak sinatu dituzte azkenean. Hori dela eta, Udalak urrats garrantzitsua eman du lurzati horiek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari lagatzeko, Iberreko Institutua handitzeko.
Nahiz eta Abaroko Plan Partzialaren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak sektore horren garapena arriskuan jartzen jarraitzen duen eta Iberre handitzeko lurzatiak aldez aurretik okupatzeko segurtasun juridikorik eza sortzen duen, Udalak eta jabeek aurrera egitea erabaki dute. Guruzne Carrasson alkatearen arabera, "gure lehentasuna administrazioarekiko auzien gaia desblokeatzea da, okupazio aurreratu honek segurtasun juridiko osoa izan dezan bai Hezkuntza Sailari dagokionez, bai lursailen jabe txikiei dagokienez".
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuagaz biltzeko eskaera
Okupazio-aktak sinatu izanaren ziurtagiria Eusko Jaurlaritzara eta Jabetza Erregistrora bidali dute. Gainera, hezkuntza-komunitateari eta Sopelako Udaleko udal-talde guztiei jakinarazi zaie, interesdun guztiak behar bezala informatuta daudela bermatzeko. Carrassonen hitzetan, "hauteskundeak deitu ostean, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia bertan behera utzi dutela jakinarazi digute. Hala ere, beharrezkoa ikusten dugu egungo Hezkuntza Sailarekin harremanak izaten jarraitzea: horregatik, Sopelako Hezkuntza Mahaian Jokin Bildarratz jarduneko sailburuarekin premiazko bilera bat eskatzea erabaki dugu, Zipiriñe eta Iberreko espazio-arazoei irtenbide integral bat emateko Loroño eta Abaro lurzatiak eskuragarri dituztela jakinarazteko”.