Elkarrizketak

Begoña Benito del Valle eta Soko Sanchez: "Ikusezinak diren aniztasun funtzional asko daude"

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 19a, 13:35

Begoña Benito del Vallek eta Soko Sanchez Martinezek hitzaldiak emango dituzte gaurko jardunaldian.

Sopela guztientzako udalerria al da? galderari erantzuna emateko asmoz, gaur, apirilak 19, irisgarritasuna hizpide duen jardunaldia egingo dute Sopelako Kurtzio kultur etxean. Hala, Begoña Benito del Valle eta Soko Sanchez Martinez heziketa bereziko langileek hitzaldi ezberdinak emango dituzte, aniztasun funtzionala duten beste hainbat pertsonakaz batera, guztiontzako den udalerri bat eraikitzeko gakoak emateko.

Jardunaldia arrastiko 18:00etan hasiko da, eta hasieran, Soko Sanchez Martinez eta Begoña Benito del Valle hizlariek kontzeptu batzuk argituko dituzte argazki batzuez lagunduta, hala nola desgaitasuna, aniztasun funtzionala, integrazioa eta inklusioa bezalako terminoak. Sarrera gisako azalpen horren ostean, aniztasun funtzional ezberdinak dituzten lagunek euren bizipenak kontatuko dituzte, hala herritarrek euren istorioa gertutik ezagutu ahal izateko.

Hitzaldien ostean, bizilagunek galderak egin ahal izango dituzte euren zalantza bat ere argitu gabe geratu ez dadin. Horrez gain, mokadutxo bat hartzeko tartea ere egongo da, autismoa duten pertsonek prestatutako lunch batean.

Sanchezek eta Benito del Vallek azaldu dutenez, Sopelako Udalak daborduko irisgarritasun-plan bat du abian: "Institutuetan piktogramak jartzen hasi dira eta espaloietan egokitzapen gehiago egin dituzte. Hala, jardunaldi honen helburua da jendeak ikastea eta kontzientzia hartzea".

Irisgarritasunari dagokionez, Sopelan dagoen arazorik larriena jendearen ezjakintasuna dela diote: "Jendeak uste du aniztasun funtzionala soilik dela gurpildun aulkian aritzen diren lagunak, baina ikusezinak diren desgaitasun asko daude ere. Adibidez, gortasuna duten bizilagunak". Hala, gogoratu dute edadeko pertsonek egunero gaitasunak galtzen doazela eta haiek ere herritarren laguntza behar dutela. Argi dute gizartea kontzientziatzeko bidea dela aniztasun funtzionala duten lagunak "entzutea eta euren istorioa ezagutzea".

Ildo horretan, gaurko jardunaldiaz gain, Sopelako Udaleko profesionalek ikastaro bat egingo dute irisgarritasun eta aniztasun funtzionalaren inguruan. Deitoratu dutenez, askotan gortasuna duten pertsonak udaletxera joaten dira eta bertan ez dute jakiten nola komunikatu edota jokatu pertsona horiekaz. Hori ekiditeko formakuntza ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Gainera, nabarmendu dute edozein instituziotan zeinu-hizkuntzan aditua den lagun bat egon behar dela. Egun, gutxieneko hori ez da betetzen. Supermerkatuen kasuan, zarata eta argi gutxiago egon beharko litzatekeela salatu dute, autismoa duten pertsonen ongizateari mesede egiteko.

Hala, Benito del Vallek nabarmendu du inguruneak moldatu behar direla inor ere ez baztertzeko. "Inklusioa eskubide bat da, ez betebehar bat", gogoratu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun