Batuko duten dirua Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeari emango diote, besteak beste, Aita Mari erreskate-ontziaren proiektua babesteko. Hala ere, horraino heldu aurretik, 10-11 urteko ikasleek hainbat hilabetez aritu dira lanean Migrazioak izeneko proiektu hau lantzen. Bidean, Sopelako Zipiriñeko LH 5 mailako 100 ikasle inguruk hainbat gai landu dituzte: besteak beste, giza eskubideak, migrazio-prozesuak eta munduan existitzen diren desparekotasunak. Halaber, errefuxiatuen eta etorkinen inguruko hainbat mito ere desegin dituzte.
Andoni Martin Aldecogarai, Zipiriñeko irakaslea eta Proiektuko burua: "Egin dituzten gauzak beraien esku egiten utzi diegu, guk ideiak botatzen dizkiegu, baina beraiek dira inplikatzen direnak. Lan izugarria egin dute; hasieran apur bat kostatu zen, baina gero asko inplikatu dira. Errefuxiatuen eta etorkinen inguruko hainbat gauza ikasi dituzte, eta azoka eta zabalkundea asko gustatzen zaie"
Proiektu guztia hasi zen Juan Luis Juanlu Haro Gonzalez medikua eta ikasleetako biren aita Zipiriñeko irakasleei jakinarazi zienean Aita Mari itsasontzira boluntario joango zela. Hala, horren jarraipena egitea planteatu zien ikasleei. Sopeloztarraren proposamenari jarraituz, Aita Mariren 12. misioaren jarraipena egiten hasi ziren. Horri esker, ikasleek itsasontziko tripulazioko boluntarioakaz eta erreskatatu zuten jendeagaz harreman zuzena izan, eta egiten duten lana itsasontzitik zuzenean ikusteko aukera izan zuten. Halaber, ikasleak proiektua lantzen hasi zirenean, EITBk egindako Aita Mari dokumentala ere ikusi zuten, egitasmo horren nondik norakoak aztertzen dituen lana, hain zuzen ere. Juanlu itsasotik bueltatu zenean, ikasleakaz ere egon zen, esperientziaren inguruko hitzaldia emateko, bizitakoa eta SMHren misioari buruz gehiago jakin zezaten.
Azken hilabeteotan ikasitakoa bertatik bertara ezagutzeko, Zipiriñeko bosgarren mailako zikloa osatzen duten bost ikasgeletako ordezkari bana batu dugu. Liher Barrueña Ibañez, Daniela Duque Hernandez, Hiro Apecetche Galante, Daniel Municio Campo eta Aiert Uria Etxebarria dira horiek. "Ikasi dugu Aita Mari dela itsasontzi bat erreskatatzen dituena pertsona etorkinak eta errefuxiatuak Mediterraneo itsasoan eta Europako herrialdeetara eramaten dituela", hasi da azaltzen Municio. "Gainera, proiektu honetan jakin dugu zer diren giza eskubideak eta nola dauden munduan, edo zein den immigranteen, errefuxiatuen eta asilo eskatzaileen arteko desberdintasuna ere", erantsi dio Barrueñak. Apecetchek gogoratu duenez, ordura arte gehienek ez zekiten Aita Mari zer zen, baina egindakoari esker ezagutu dute proiektua eta barkuaren istorioa ere zein den: "Kontatu ziguten Zumaian gizon bat zegoela aspaldi, ekaitza zegoenean itsasora ateratzen zena jendea erreskatatzera. Egun batean, ito egin zen eta bere izena Jose Maria Zubia Aita Mari zenez, bere omenez jarri ziotela itsasontziari Aita Mari izena".
Errealitate gordina
Barkua eta hori kudeatzen duen SMH gobernuz kanpoko erakundearen egitasmoa ezagutzeaz gain, ikasleek azaldu dute proiektu honek beste errealitate batzuk ezagutzeko ere balio izan diela. "Konturatu gara hemen zein ondo bizitzen garen, eta beste leku batzuetan bizitza oso gogorra dela eta jendeak alde egin behar duela, pentsatzen dutelako hemen hobeto egongo direla, baina asko ez dira heltzen", adierazi du Municiok. Besteek gaineratu dute klasean egin dituzten lanei esker migrazio-prozesuetan pertsonek bizi dituzten hainbat zapalkuntza eta egoera latz ikusi dituztela, eta nola herrialde guztietan ez direla giza eskubideak hemen bezala errespetatzen. "Beraien herrialdeetan oso txarto bizi dira eta askok ihes egiten dute, baina bidetik oso txarto pasatzen dute eta asko itsasoan itotzen dira", adierazi du Uriak.
"Proiektua lantzen ari ginela jakin eta gero, Ikasleen Gurasoen Elkarteko kide bat etorri zen eskolara eta proposatu zuen merkatu solidario bat egitea Aita Mari eta SMHrentzako dirua batzeko, eta guri ideia ona iruditu zitzaigun", azaldu du Duquek, laburbiltzeko nola suertatu zen azoka solidarioa egiteko proiektua. Dioenez, gurasoen elkarteko kideak ere asko inplikatu dira egitasmoan, eta LH bosgarren zikloko irakasleen laguntza ere izan dute: Leyre Fernandez, Eukene Blanco, Koldo Iturralde, Maider Arevalo eta Joane Elorriaga.
Hala, gutxika-gutxika, ikastetxeko familien ekarpenei esker hainbat jostailu batu dituzte, pelutxeak, puzzleak, trizikloak... Apecetchek baieztatu duenez, "edozein motatako jostailuak batu ditugu, eta, gero, horiek sailkatu, garbitu eta ondo jarri ditugu azokan saltzeko. Lortzen dugun diruari esker itsasontzian erreformak egin ahal izango dituzte, janari gehiago erosiko dute eta SMH proiektuari lagunduko diogu jende gehiago erreskatatu ahal izateko". Gainera, azokaren berri emateko, zikloko bost ikasgelen artean hainbat ekimen burutu dituzte, hala nola kartelak jarri, podcast bat egin, bideo bat grabatu... Ikastetxeko ikasgela guztietatik ere pasatu dira, azokarako jostailuak eraman zezatela eskatzeko eta helburua zein den azaltzeko.
Gaur, ekainak 7, arrastian, azoka solidarioa egingo dute Zipiriñeko patioan. Bertan, batutako jostailuez gain, Barreñok azaldu du eskolako sukaldariengana ere joan direla, galdetzera ea egun horretarako jateko zerbait prestatu dezaketen, "eta tortilla eta gazta-bizkotxoa egingo dutela esan digute". Gainera, egun horretan, proiekturako klasean ikasitakoagaz egin dituzten panel guztiak ere jarriko dituzte ikusgai, giza eskubideen, migrazioen eta bestelako gaien inguruan landutakoa beste ikasle eta gurasoei ere erakusteko.
"Nahi duena etor daiteke, egun horretan eskolako jaia ere ospatuko delako eta gimnasia erritmikoko txapelketa ere egongo delako, beraz, jende asko etorriko da", aurreratu du Municiok.