Elkarrizketak

Juan Luis "Juanlu" Haro: "Honekin jauzi zirraragarria eman da proiektuaren hedapenean"

Ander Zarraga 2024ko eka. 7a, 08:53

Harok Aita Mariren 12. misioan hartu du parte. © JUAN LUIS HARO

Gaur-gaurkoz Aita Mari itsasontzia Pasaiako portuan dago Mediterraneo itsasoan egiten duten lana zabaltzeko ekintzak egiten. Azken erreskate misioan parte hartu zuen Juan Luis Juanlu Haro Gonzalez mediku sopeloztarrak. Berak azpimarratu duenez, besteak beste, egitasmo honek gaztetxoak proiektu solidarioetan inplikatzearen garrantzia erakutsi du.


Aita Mari eta SMHko azken misioko irudiak. © SMH ETA © J. L .H.

Zertan dago Aita Mari une honetan?

Momentu honetan Aita Mari Pasaian dago. 12. misioa bukatu eta gero, itsasontziak buelta osoa eman zion Iberiar penintsulari Euskal Herrira ailegatzeko. Bidaia luze horren helburua izan da Euskal Herriko gizarteari jakinaraztea Mediterraneoaren hegoaldean egindako lana zein izan den. Hala, bisita gidatuak egin dira itsasontzia barrutik ezagutzeko, lehenik, Bilbon eta Pasaian gero.

Nola sortu zen Zipiriñe eta Aita Mariren arteko elkarlan hau?

Modu espontaneoan sortu zen. Aita Marin ontziratu nintzenean, Zipiriñeko irakasleekin harremanetan jarri nintzen, nire seme-alabek han ikasten baitute, eta proposatu nien misioaren jarraipena egin zezaten. Egia esan, oso denbora gutxiren buruan, Aita Mariri buruz eta Mediterraneo hegoaldean egiten ari den lanari buruz hitz egiteko proiektu bat prestatu zuten, eta bidali nizkien aurkezpen-bideo batzuen bidez, itsasontzia eta tripulazioa ezagutu ahal izan zituzten. Ondoren, misioa jarraitu zuten, denbora errealean itsasontziaren posizioaren jarraipena egiten duen web orri baten bidez. Gainera, bideokonferentzia bat ere egin genuen, eta ikasleek erreskatatutako pertsonak agurtu ahal izan zituzten. Apurka-apurka, Aita Mariri buruzko arreta handia sortu zen ikastetxean, eta haurrak etxean galdetzen hasi ziren: jakin nahi zuten ea zergatik dauden pertsonak beren herrialdeetatik ihesi, etsipenez itsasora oldartzen direnak, eta zergatik Europak sarrera ukatzen dien.

Sopelan Aita Mariren eguneroko presentziak, eta horrekin batera Mediterraneo hegoaldeko migrazio-krisiaren errealitate gordinak erakusteak, ikuspuntu-aldaketa dakarrelako eta gure arazoetako asko erlatibizatzea eragiten duelako

Bueltatu nintzenean, irakasleek eta Zipiriñen hirugarren eta bosgarren mailako lagunek esperientzia kontatzera joatea proposatu zidaten. Bi hitzaldi zoragarri izan ziren, bakoitzean 100 ume ingururekin, eta hainbat galdera egin zizkidaten. Nolabait, interes-oldea sortu zen Itsas Salbamendu Humanitarioaren proiektuarekiko, hau da, Aita Mariren misioak antolatzen dituen gobernuz kanpoko erakundearekiko. Horrela, aste batzuen buruan, Ikasleen Gurasoen Elkartearen eta bosgarren mailako ikasleen proposamena iritsi zen: GKEarentzako dirua biltzeko azoka antolatu nahi zuten. Ekimen honekin, uste dut oso jauzi zirraragarria eman dela, proiektuaren hedapena eta bere mezua GKEan parte hartzen dugun jendearengandik harago eramango baitu. Eta, are garrantzitsuagoa dena: 10-11 urteko haurrak inplikatu ditugu eta migrazio-krisien errealitatea ezagutu dute, Europako legeen eta jardueren hipokrisiarekin eta bizi garen gizartearen kontraesanekin aurrez aurre jarriz.

Zertarako izango da batuko den dirua?

Itsas Salbamendu Humanitarioa erakunde txikia da, eta misio bikoitza du: eraldaketarako hezkuntza eta Aita Mariren erreskate-misioak. Bi zeregin horiek egiteko behar diren baliabideak oso handiak dira: batetik, giza alderdia erakundeko langileen dedikazioarekin eta konpromisoarekin lortzen da, eta, bestetik, parte ekonomikoa lortzen dugu erakundeen finantzazioaren eta herritarren elkartasunaren bidez, adibidez, bazkide-kuotei esker, egindako azken crowfundingeko dohaintzen bitartez edo Zipiriñen egingo diren ekintzen modukoen bitartez. Baina diruaz harago, funtsezko balio bat dago: SMHren proiektuarekiko eta balioekiko lotura sentitzea. Horregatik dira garrantzitsuak gizarteak proiektu solidarioetan inbertitzen dituen ekintzak, are gehiago haurrei buruz hitz egiten ari bagara.

Zergatik uste duzu garrantzitsua dela Sopelan horrelako proiektu bat garatu izana?

Ideia bera azpimarratuz, Sopelan Aita Mariren eguneroko presentziak, eta horrekin batera Mediterraneoko migrazio-krisiaren errealitate gordinak erakusteak, ikuspuntu-aldaketa dakarrelako eta gure arazoetako asko erlatibizatzea eragiten duelako. Ulertzen badugu zenbat sufrimendu eta bidegabekeria jasaten duten migratzaileek, konturatuko gara zein pribilegiatuak garen. Hori ulertzen badugu, esker oneko sentimendu sakona garatuko dugu. Hori garatzen badugu, gure energia eta ekintzak ondasun kolektibo batera bideratzeko gai izango gara. Guztion onerako lan egitea lortzen badugu, gure bizitzak hobeak izango dira, besterik gabe. 


Aita Mari itsasontzia portuan. © J. L .H.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun