Sopelako Udalak azaldu duenez, Udaltzaingoaren txosten tekniko batek zehaztu du txosnek Jaietako Ordenantza urratu dutela, hala nola musikaren ordutegia errespetatu ez dutelakoan. Horren aurrean, Udalak ezarrita dauden neurriak aplikatu behar dituela ondorioztatu du, eta jakinarazi du inplikatuta dauden taldeek helegitea jartzeko aukera dutela.
Horren aurrean, baina, Txosna Batzordeko kideek uste dute esandako hori "gertatutakoaren errealitatetik aldenduta" dagoela; kritikatu dute Udalak hartutako erabakia Udaltzaingoaren txosten batean oinarritzen dela, baina horrek zehaztuta dituen egunak eta orduak ez datozela bat errealitateagaz. Besteak beste, diotenez, udaltzainek hiru egun zehaztu zituzten; lehenengo bietan, eguen eta domeka gauetan, ez zen jai girorik egon, eguenean ez zirelako jaiak oraindino hasi, eta domekan ez zegoelako jai girorik eta, ondorioz, txosnak itxita zeudelako. Hirugarren egunari dagokionez, martitzen goizaldeari dagokio, eta eragileek deitoratu dute udaltzainak ez zirela txosna-gunera bertaratu, eta horrela adierazten duela txostenak: "Auzokideek egindako ustezko telefono deietan oinarritzen da".
Prentsaurrekoan, Txosna Batzordeko kideek agerian utzi gura izan dute udaltzainek egindako txostena "akatsez beteta" dagoela; are, "txostena egiteko erabilitako intzidentzien erregistroan zehazten diren egunak,orduak eta kaleak ez datoz bat ez txostenean adierazitakoarekin, ez Alkatetza dekretuak adierazitakoarekin".
Hori horrela, eragileek deitoratu dute Udalak udaltzainei emandako sinesgarritasuna, haiekaz kontrastatu barik; "oso larria dela deritzogu". Hori esanda, azpimarratu dute haien haserrea horretan datzala, eta ez dirua berreskuratzeagatik. "Udalak oso erraz ekidin zezakeen egoera hau: lehendabizi, gurekin kontrastatuz, fidantza ez itzultzeko erabakia partekatuz; eta, gerora, akatsez betetako prozedurari bukaera emanez". Era berean, azpimarratu dute jai herrikoien alde lanean eta politikarako baldintzen alde borrokan jarraituko dutela: "Lan hau antolakuntzaren bitartez eramango dugu aurrera, eta argi daukagu hemen ez gaudela legezkotasunaren jokoan aritzeko, jardun politikoa izateko baizik".
Sopelako Udalak, bere aldetik, komunikatuan azaldu zuen, txosten tekniko bat baldin badago, Udala "behartuta" dagoela prozeduragaz jarraitzera: "Udal-gobernuak ezin du prozeduran eragin, prozesu guztia araututa dagoelako. Kontrakoa egitea prebarikazio delitua egitea litzateke". Horren aurrean, Jaietako Ordenantzaren berrikuspena egiteko beharra jarri du mahai-gainean, "Txosna Batzordearen ekarpenak ez ezik, Sopelako bizilagunenak ere kontuan hartuta".