Komunitatean bizi

“Punta-puntako eredu bat dela uste dugu, egungo arazoei aurre egiteko alternatiba baliotsua eskaintzen baitu”

Iker Rincon Moreno 2024ko urr. 31a, 08:00

Paula eta Irene, baserriko atarian berbetan.

Gaur egun landa-eremuan bizitzeko dauden zailtasunak gorabehera, proiektu komun bati ekiteko batu diren kideetako bi dira Irene Juez eta Paula Landabaso. Beste sei gizon-emakumegaz batera, kooperatiba bat sortu eta Sopelako baserri bat erosi dute, elkarbizitza eta komunitatearen aldeko ekimen bat garatuz. Zortzi helduk eta bost umek osatzen dute komunitatea, lau familia-unitatetan banatuta. Gaur egungo testuinguruan, etxebizitza batera eta, are gehiago, baserri batera sarbidea eskuratzea eta nekazaritza-lanak aurrera eroatea erronka handia direla kontuan hartuta, euren esperientzia eta ikuspegia partekatu dute.

Bizi-eredu alternatibo baten aldeko apustua eginez, euren familia-unitateakaz Sopelako baserri batean bizi diren emakume bi dira Irene Juez eta Paula Landabaso. Proiektua orain dela sei urte abiatu zuten, landa-eremuan bizi gura zutela erabaki zutenean. Hala, helburu bera zuten hainbat pertsona batu eta, pixkanaka-pixkanaka, proiektua definitzen joan ziren, taldeari buruzko hausnarketak eginez eta adostasunak bilatuz. Bidean, batutako pertsonak aldatuz joan dira hasieratik amaierara, eta, azkenean, baserrian bizi diren lau familiatan egonkortu da egitasmoa.

Baserria topatzearen erronkak

Zituzten beharrak asetzeko moduko baserri bat aurkitzea zailtasunez betetako prozesua izan zela nabarmendu dute biek. “Hasieran, Mungian, Barrikan eta beste hainbat lekutan begiratu genituen”, dio Paulak, “baina sarritan muga ekonomiko batekin egiten genuen topo”. Horrez gain, herrigunearekiko hurbiltasuna eta mugikortasun erraztasunak ere kontuan hartu behar zituzten: “Batzuontzat lekualdatzea errazagoa zen, baina beste batzuk, umeak tarteko, zailtasunak aurreikusten zituzten”, azaldu du Irenek. Hala, beharrak identifikatuta, bilaketa-eremua eskualdera mugatu zuten eta, halako batean, Gatzarriñeko baserria aurkitu zuten.

Komunitatea eta elkarbizitzaren indarra

Gaur egun landa-eremuan bizitzeko hesi ekonomikoez gainera, proiektu honetako kide guztiek zuten beste helburu bat: bizikidetza eta komunitatea. “Familia bakar batek baserri bat eskuratzea ia ezinezkoa da gaur egun, horregatik batu gara denok; baina helburu nagusia elkarrekin bizitzea eta zaintza, bizitza eta lana partekatzea ere bada”, diote biek.

Umeentzat ere, ingurune komunitarioan haztea aukera ederra dela uste dute. Paularen hitzetan, "egunero berdinekin jolasteko eta konfiantza handiagoa izateko aukera dute, familia nuklearretik harago”. Landan bizitzeak haientzat askatasun handiagoa eta naturarekin harreman zuzena eskaintzen die, haien garapenean aberasgarria izanik.

Hori horrela, elkarbizitza eta zaintza partekatua proiektuaren oinarrian daude. “Niretzako gauzarik indartsuena da elkar zaintzeko kultura hori, eta umeekin oso nabarmena da, norbait gaixorik dagoenean edota oporretan zaudela abereak eta ortua zaintzeko eta lantzeko ere bai”, azaldu du Irenek.

Izan ere, baserria bizilekua izateaz gain, bizilagunentzako lan-garapenerako espazioa ere bada, horietako batek nekazaritza-ustiapen bat baitu bertan; “orain arte, bera beti egon izan da lagatako lursailetan lanetan, lur batetik bestera, edo alokatuta. Hala, honi esker, proiektua egonkortu ahal izan du”.

Eguneroko jardunari dagokionez, hasiera-hasieratik definitu zituzten irizpideak eta arauak, “eta hori erronka handi bat izan zen”, aitortzen dute. Hala ere, haientzat funtzionatzen duen formula bat sortu dute: baserria partekatzen badute ere, familia-unitate bakoitzak bere espazio propioa du, eta gune komunak dituzte, hala nola kanpo-lurra, gela, txokoa eta ganbara. Horrez gainera, eraikina mantentzeko eta proiektua garatzeko bilerak egiten dituzte astero. “Lehenengo fasea izan da honaino heltzea; orain, hemen gaudela, sustraiak bota eta egonkortuko dugu dena”, dio Irenek.

Zailtasunik handiena, administrazioa

Proiektua garatzeko eta baserria topatzeko bidea erronkaz beterikoa izan bada, pauso zailena burokrazia izan dela nabarmendu dute biek. “Zoramen bat da. Hemen, Bizkaian, gure eredua ez dago jasota, edo arautzen ari dira orain; horregatik, gauza batzuetarako ez gara existitzen. Ondorioz, ezin ditugu diru-laguntzak eskatu, eta hipoteka bat lortzea oso zaila izan”.

Baserria erosterakoan, banketxe bakar batek eskaini zien hipoteka bat eskatzeko aukera, “beraz, hori hartu behar izan genuen bai ala bai; ez zen negoziatzeko aukerarik egon”. Izan ere, baserria ez da bertan bizi den inorena, haiek sortutako kooperatibarena baizik.

Izan ere, erabilera-lagapeneko etxebizitzen kooperatiba sortu dute, eta hori da baserriaren jabea; “gu bazkideak gara, eta horren erabilerarako aukera dugu, guk geuk zehaztutako baldintzetan”, azaldu du Paulak. Hala, familia-unitate bakoitzak sartzeko aportazioa, bizitzeko baldintzak eta, proiektua lagatzekotan, jarritako dirua zelan bueltatuko den zehaztu dute.

“Katalunian asko erabiltzen den eredu bat da gurea, baina gure inguruan oso berria da, eta, gaur egun, Bizkaian hiru proiektu besterik ez gara”, azaldu du Irenek. “Punta-puntako eredu bat dela uste dugu, egungo arazoei aurre egiteko alternatiba baliotsua eskaintzen baitu”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun