Sopelan kokatutako Sagondo Goiko baserrian egunsentia baino lehenago jaikitzen ziren egunean zehar egin beharreko lan ezberdinei ekiteko. Hala, egunero-egunero, goizeko 05:00-05:30 inguru esnatzen ziren behiak jezteko, kantinploretan jartzeko eta landako bizimoduak exijitzen zien bestelako lanei ekiteko.
Hasieran, Markaidaren ama Elisa Barrenetxea arduratzen zen esnea saltzeaz. Baina 1956ko azaroan, Beneren aita Jesus Markaida hil ostean, "lur-jota" gelditu zen eta bere ahizpa Bitoria hasi zen jardun horretan. Bene, bere aldetik, ganaduagaz zerikusia zuen lanetan aritzen zen batez ere.
Baserrian hamar behi eta hamar txahal inguru zituzten, eta, azken horiek, urte bat zutenean saltzen zituzten, "okeletarako". Bertatik aurrezkiak ateratzen zituzten. Halere, etxeko diru-iturri nagusia esnea zen, eta hala adierazi zien aitak txiki-txikitatik Markaida alabei. "Esneaz geuk jan, ikasketak eta gure jantzi dana paga eta ganadu guztiarentzat pentsu pagaten zan", azaldu du Markaidak.
Litro bakoitza 10 edo 20 zentimo ingurugatik saltzen zuten garai hartan. Halere, prezioa aldatzen joaten zen. Egunero, Bitoria Portugaletera joan eta 100 litro inguru saltzen zituen bertan. Baserritik geltokira Linda astoagaz joaten zen, eta Benek ere askotan laguntzen zuen ahizpa bide horretan. "Goizetan hiru kantinplora otzara baten eta beste hiru besten. Kantinplora handik. Aston atzen joaten zana bere normalen kargata", oroitzen du. Gero, trenez Areetarako norabidea hartzen zuen Bitoriak, eta, bertara heltzean, esku- gurdi bategaz esne-kantinplora guztiak eramaten zituen. Bizkaia Zubia pasata Ezkerraldera igarotzen zen esne guztia saltzeko asmoz.
Goizeko 10:30 ingururako baserrian egoten zen, "eguneko jornala" ondo irabazita. Hala, Markaidak azpimarratu du baserrian ez zegoela "zapatu-domekarik". Egunero zegoen lana. Horren adibide gisa, sopeloztarrak bere ezkontza eguna oroitu du. Ander Deuna egun batean izan zen eta, goiz horretan ere, 05:00ak inguru jaiki, behiak jetzi eta baratzeko lanak egin zituen. "Gortek garbittu eta jaten emon-eta, hiru bider egunen. Goizen, eguerdin eta gauen. Hori ezkondu ginen egunen bere bai", azpimarratu du. Bere aita hil zen egunean ere horrela egin zuten.
"Baserri etxe zabala zan, baia gu bendejerak-eta ez gara izan. Gure etxen, letxerak izen dire ama eta Bitoria"
Hala, nabarmendu du baserriko lan guztiak zirela gogorrak, bai baratzekoak bai ganaduagaz egin beharrekoak. Gauza "gatzenetariko" bat izaten zen Sopelako berbenara joaten uzten zioten horietan, 21:30 inguru etxera bueltatu behar izaten baitzen aitari eta amari kortan laguntzeko. Era berean, komedianteak herrira etortzen zirenean eta "juergatxo" bat botatzen zuenean ere, gogoan du gero behiei esnea ateratzeko momentuan nola erdi-lo gelditzen zen, nekearen nekez, goizaldean.
Inoiz ahaztuko ez duen gauzarik badago, esnearen koipearen kiratsa da. Hala, gogoan du nola ibiltzen ziren gaztetan behin eta berriro eskuak garbitzen, usain hori kentzeko. "Bekorotza, dutxa bat hartu eta badoa. Baia esnek eskuten itzitzen deu hatsa antojagarri", aitortzen du
Argazkiaren eskuinaldean ageri da Bitoria Markaida, Bene Markaidaren ahizpa, bidean topatutako bi neskatxogaz batera. Neskatxoak Linda astoaren gainean daude. Bene Markaidak dioenez, "behar asko" egin zuen asto horregaz. Hala, Portugaleteraino joaten zen egunero Bitoria 100 litro esne-inguru saltzera. Argazki honetan, Bitoria lanetik bueltan dago eta daborduko astoak kantinplora hutsak daramatza. Hala, bi neskatxoak pozik daude astoaren gainean, olgetan.
1956eko otsailean elurte handi bat egon zen Uribe Kostan. Argazkiaren ezkerraldean ageri da Beneren ahizpa Bitoria Markaida, eta eskuinaldean bere ama Elisa Barrenetxea, besoetan esne-kantinplorak dituztela. Astoek ezin zuten elurretan ibili eta emakumeek kargatu zituzten kantinplorak. Trenak ere gelditu zituzten egun hartan elurtzagatik. Ama eta alaba irribarretsu ageri dira irudian, goitik behera tapatuta.