Zein da txapelketa honen helburua?
Txapelketak hainbat helburu ditu, egia esanda. Garrantzitsuenak hauek dira (ordenatu barik): euskara kalera irtetea eta egun osoa euskaraz ematea, giro onean; esaera zaharrak ezagutzera ematea eta —ahal den neurrian— sustatzea eta erabiltzea; euskara, bertsoak eta musika nahastea, horien inguruko jaia antolatuta; euskararen ñabardurak antzematea, hainbat tokitako esaerak erabilita eta beste leku batzuetako bertsolariak gonbidatuta; eta, guztiaren gainetik, ondo pasatzea, euskaraz betiere.
Xede hori 1992. urteko berdina da ala nolabait eraldatu da?
Esango nuke xedea ez dela nabarmen aldatu. Nik dakidala (ni hurrengo urtean sartu nintzen AEKn), hasiera asmoa izan zen euskaltegien arteko lehia egitea, esaerak eta bertsoak batera erabiliz. Ziur aski, orduko hartan helburu pedagogikoagoa izango zuten, parte-hartzaile gehienak euskara-ikasleak zirelako. Gaur egun, ikasle gutxi etortzen zaigu (behin, dena den, B1eko talde batek irabazi zuen: irakasleak eta 3 ikaslek), eta lehiakide gehienak euskaldun osoak izaten dira, etxean, eskolan edo euskaltegian ikasiak. Helburua, beraz, ez da horrenbeste euskara irakastea, baina bai bestelakoak erakustea: esaeretako esangurak, forma dialektalak... Ikastea sekula ez dago sobera!
Nortzuk dira txapelketako epaimahaiak?
Txapelketak bi saio ditu, sano ezberdinak: goizean, tabernaz taberna ibiltzen gara, kalean; arratsaldean, herri-bazkaria egiten dugu Artadi garagardotegian, eta gero finalaurrekoa eta finala jokatzen dira. Goizean, boluntarioak dira epaileak: batzuk, antolakuntza-taldekoak gara (ni tartean); arratsalderako, saiatzen gara jende ezaguna topatzen... Aurten, adibidez, Akaitze Kamiruaga eta Iñaki Gilisasti urduliztarrak gonbidatu ditugu; hitzaldia emango dute euskal esaera eta ohituren gainean Kurtzioko kultur etxean, apirilaren 10ean, eta guretzat ohore handia izango da eurak gure artean izatea epaile gisa.
Zein da saria?
Txapelketa izanagatik ere, eta irabazleei txapelak ematen badizkiegu ere, ez dut uste inor sariarengatik etortzen zaigunik. Mundu guztiari (parte-hartzaile, bertsolari, musikari, epaile...) oroigarria ematen diogu goizean. Gero, hainbat sari banatzen dugu: txapeldunei, bigarrenei, hirugarrenei, esaera berria asmatzen duenari... Orain artean, asteburuko egonaldia (euskal landetxe batean) izan da sari nagusia; baina, 30. edizioa denez, pentsatzen ari gara “gehigarri” bat eranstea... Hori, dena den, ez dugu publiko egingo apirilaren 5a arte, zeren eta zer ote da txapelketa bat misterio apur bat barik?
Aurten egitarau berezia prestatu duzue, ezta?
Hala da, bai. 30. edizioa da, eta uste dugu ospatu beharrekoa dela, urtez urte hona ailegatu garelako, mundu-mailako pandemia bat eta bestelako arazo asko gaindituta. Aurten, lehiaketa bera ez ezik beste hitzordu batzuk ere izango dira aurretik (giroa berotzen hasteko) eta ostean. Adibidez, martxoaren 24an inauguratuko da Esaera Zaharren Txapelketa, 30 urte izeneko erakusketa, Sopelako Kurtzio kultur etxean. Apirilaren 3rako, kalejira eta kantu-poteoa antolatu ditugu, Sopela Kantari taldearen eskutik; eta apirilaren 4an, umeentzako disko-festa udaletxeko plazan (euria bada, Zipiriñe eskolako patioan). Egun nagusia igarota, apirilaren 10ean, Esalegeak gurean hitzaldia eskainiko dute Akaitze Kamiruagak eta Iñaki Gilisastik, eta, azkenik, maiatzaren 20an, Adolfo Arejita euskaltzainak esaera zaharren gaineko hitzaldia egingo du; azken bi ekintza horiek Kurtzion izango dira. Hori guztia antolatzeko, eta HIRUKAk emandako aukera hau aprobetxatuz, eskerrak eman nahi dizkiegu AEKri eta Sopelako Udalekoei; haien laguntzaren bitartez osatu ahal izan dugu halako egitarau dotorea.
Esaera zahar berriak bilatzen dituzue urtez urtez? Noizbait bukatuko diren beldurra duzue?
Urtero —orain dela 15 bat urtetik—, esaera berri bat asmatzen dugu, eta besteekin batera sartzen dugu ikasi beharrekoen zerrendan, zaharra balitz bezala. Lehiaketaren finalaurrekora iristean, bi apustu-mota egiten ditugu: “Zein talde izango da irabazlea?” eta “Zein da aurtengo esaera berria?”. Apustu bakoitzean, sari bat eman dugu; beraz, jendeak arreta ipintzen du esaera berria zein den identifikatzeko. Esaerak ez dira amaituko, ziur nago; adibidez, nik zerrenda bat dut, handik eta hemendik bildutako atsotitzekin, hurrengo urteetan erabiltzeko... 3.000tik gora ditut bertan, eta, seguruenez, baten bat gehiago sartuko dut, Adolfo Arejitaren Esaera goikoaz behera irauliak liburua irakurtzen nabilelako. Harrobi handia da atsotitzena, are handiagoa tarteka baten bat asmatuz gero!
Urtero-urtero asmatzen dugu bat; beraz, ez da lan bereziki zaila. Esate baterako, 2023an Umiliazioak, usu, amorrazioa izeki (nazioarteko gatazkei buruzkoa) eta 2024an Lurrik gabe, deus ez gira; lurretik sorthuak harat goazke (aldaketa klimatikoaz) prestatu genituen; 2025ekoa ez dut hemen agertuko, saria dagoelako jokoan...
Zergatik gustuko dituzue esaera zaharrak? Zer balio dute gure gizartean eta bereziki euskararentzako?
Esaera zaharrak hizkuntzaren atal bat dira, bertsoak, olerkiak, euskalkiak eta abar legez. Gure hizkuntzaren aberastasunaren erakusgarri dira, eta —benetan horrela sentitzen dut eta horrelaxe diot— eder-ederrak dira, ikuspuntu askotatik: berba gutxitan, egia handiak transmititzen dituzte, oso modu dotorean (maiz, errima eta guzti). Adibidez, aurtengo 72.a (Saldue, galdue). Bi hitzetan azaltzen digu ezer salduz gero dagoeneko ez dela gurea izango; hortaz, saltzeak jabegoa galtzea dakarrela ezinbestean, eta oso garrantzitsua dela ondo pentsatzea zer saldu ahal dugun eta zer ez... Hori irakurrita, baten bati Goetheren Fausto obra etorriko zaio gogora: Fausto asegaitzak itun bat sinatu zuen deabruarekin, bere arima emanda jakintza eta plazer mugagabeen truke. Eta bai, horixe egin dut: euskal esaera sinple bat literatura unibertsaleko obra ospetsu batekin erkatu. Zer balio duten atsotitzek? Hizkuntzaz besteko esparruetan, herri-jakinduriaren laburpena dira, eta aspaldiko gizarte baten isla: ez dago bide hoberik gure balio, ohitura edo irizpide tradizionalen berri izateko. Bizi gaitezke esaera zaharrik gabe? Bai, jakina; baina, orduan, gure euskara pobreagoa litzateke, artifizialagoa, agian erdararen antzekoagoa (tamalez).
Zergatik joan txapelketara?
Arrazoi asko otutzen zaizkit. Hona hemen batzuk: egun osoa euskaraz igarotzea, ondo baino hobeto pasatzea, lehia xaloaz gozatzea, euskara gehiago (beharbada politagoa) entzun eta ikastea, esaeren, bertsoen eta musikaren arteko nahasketa ederrak inguratua ibiltzea, oroigarria jasotzea, sariren bat irabazteko aukera izatea, lagunarteko bazkaria dastatzea, lagunak egitea edo/eta aspaldiko adiskideak berriro topatzea, batarekin eta bestearekin berba egitea gure hizkuntzaz, epaileak (modu eraikitzailean) kritikatzea... Jende asko pasatu da gure lehiaketatik, eta askok errepikatu egin dute. Hori bai, sekula inork ez dit esan ez dela gustura ibili edo ez duela bueltatzeko asmorik. Zerbaitengatik izango da.