Elkarrizketak

Josu Landeta: "Ordura arte nork jorratu ez zuen ekimen bati hasiera ematen genbiltzan"

Nahia Martinez Gondra 2025ko api. 4a, 09:36

Josu Landeta euskaltzalea.

1992an sortu zuten Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa berezia, eta bertan egon zen Josu Landeta, zehazki, mintzapraktika ekintzaren sormenean. Bihar, apirilak 5, lehiaketak bere 30. urtea ospatuko du, eta data berezi hori omentzeko, Landetak bere bizipenak HIRUKAgaz partekatu ditu.

Zein da zure lehenengo lotura euskaragaz?

Txikerretatik euskarak presentzia bat euki du gure etxean. Geure gurasoak erdaldunak ziren, baina aitite eta amamagaz bizi ginen eta euskara euren ahoan zebilen dantzari. Goizetan Loiolako herri irratiak betetzen zuen etxeko espazio mediatikoa, eta euskaraz gain euskal kanta berria ere presente genuen. Bertan entzuten genituen Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo.... eta Luis Mariano ere bai.

Gero familia giro diglosikoak kaleko giro erdalduna zuen osagarri. Baldintza haietan neure euskalduntze prozesuak naturaletik gutxi izan zuen. Hiru urtetik bost urtera Getxoko ikastolan egon nintzen, baina handik aurrera ikastetxera eraman ninduten eta neure euskara indarra galduz joan zen. Hori ume koskorra izan arte, non Francoren osteko urteetan kaleko giro "Euskadizaleak" hizkuntzaren kontzientzia hartu eta hura berreskuratzen lagundu ninduen. Prozesu hura hogei urte bete arte luzatuko zen. Berba batean, neure euskalduntze prozesua kaotikoa izan zen.

Sopelako Esaera Zaharren Txapelketaren jatorrian egon zinen. Zehazki, mintzapraktika ekintzaren sortzaileetako bat zara. Nola bizi zenuen sorrera hori?

1992. urtea zen, oker ez banago. Orduan ez zegoen ez udal euskara zerbitzurik ez bestelako instituzio ofizial eragilerik, ez eta instituzioetan euskararen bidea jorratzeko gogo handirik ere, eta euskalgintza kale mailako militantzian fokalizaturik zegoen. Urte haietan Euskal Herrian Euskarazen , Algortako Bertsolari Eskolan eta AEK-n irakasle nenbilen. Algortako Lauaxeta eta Nikola Euskaltegian Gabi Basañez zegoen irakasle, eta bere egitasmoen artean euskara eta bertsolaritza uztartzea izan zuen helburu. Giro hartan esaerak eta bertsolaritza uztartzeko ekimen bat burutu genuen, eta hura kale mailan tabernaz tabernako ekimen bihurtu zen.

Hamarkada haren erdian, herriko euskaltegi guztien artean kultur ekintzak eta lehen berba lagun taldeak antolatzeko pausoa emateko asmoz, herriko euskaltegien arteko batzorde eragile bat sortu genuen. Aldi hartan Bizarra Lepoan Euskara Elkartea eta Aldizkaria ere sortu ziren, eta mende berrian haiekin elkarlanean EGIZU "Elkarteen Elkartea" jaio zen.

Zaila izan zen horrelako txapelketa bat antolatzea? Zenbat lagun animatu ziren?

Orduko partaideak Lauaxeta eta Nikola euskaltegiko ikasle eta irakasleak izan ziren, eta bien arteko lehia bat izan zen. Orduan dena berria zen arren, antolaketa ez zen lar gaitza izan. Algortako taberna sentikorretan (euskal girokoak alegia) bertso idatziak zeuden kokatuta, eta partaideek bertsook zerrendako esaerekin lotu behar zituzten. Sasoi hartan bertsolari eskolako kideak ziren bertso idatzien jartzaileak, eta kantariak txapelketako partaideak eurak izan ziren. Amaieran txapeldunak izendatu eta familia argazki bat egin genuen Isidro tabernaren aurreko enborren artean.

Nola gogoratzen duzu lehenengo urte hartako giroa?

Batetik urte haietan ostiral iluntzean AEKn ikasleekin mintzapraktika egitera joaten ginen tabernaz taberna, eta bestetik orduko planteamendu pedagogikoan euskararen ikaskuntza zikloka antolatuta zegoen; sekuentzia haien amaieretan kultur-ekintzak egitea planteatzen zen. Lehen edizio hura giro hartan antolatu zela esango nuke, iluntzeko klase orduetan herri mailan kultur ekintza egiteko ideiaz hain zuzen.

Ordukoa familia giroko ekitaldia legez gogoratzen dut, txikia tamainaz baina indartsua aldi berean, ordura arte inork jorratu ez zuen ekimen bati hasiera ematen baikenbiltzan. Urteetako distantzian orduko bertso jarioa, xumea izanik ere, kaleko erdal basamortuko euskal loreen antzera ikusten dut. Egungo txapelketan ere, kolore propioak dituzten lore berriak hazten ikusten ditugu, eta lore horiek alaitasun berezia ematen diote Sopelako kale arteko alderdiei. Urte asko igaro dira, bai, eta oraindinokarren erdal basamortuak bere izaera lehorra erakusten segitzen du.

Aurten 30. urtea beteko da. Nola bizi duzu?

Orain arte txapelketa urtero bizi izan dudala esango nuke. Guri dagokigunez, bertso-eskolan lantalde bat egiten dugu goizeko bertsoak sortzeko, urte guztietan berritzen ditugunak. Horrek aste batzuetako lana eskatzen digu, bai eta egunean bertan goizeko kanporaketetan kantatzea ere. Gero bazkaria eta ostean finala plaza bertsolariekin egiten da, bat-bateko bertsoak botaz.

Egun hori neuretzako jai berezia da, eta kantari lana egiteaz gain musikari ere joaten naiz eskusoinua gainean hartuta. Bertso-eskolako partaide nahikoak baldin bagaude, tartean bertso-agerraldi txikerrak ere egiten ditugu, geure umore txinparta piztuta inguruko partaideen gozagarri.

Zer dira esaera zaharrak zuretzako?

Herriaren memoriak ahoz aho transmititutako esaldiak, geure ohitura, jakintza eta jokabideen berri ematen dutenak, eta gure literaturaren zati garrantzitsu bat. Izan ere, literatura ez da bakarrik elaberri, olerki edo entsegu liburuak, ahoz burutzen den artea ere bada, eta arte horren egileak aurreko belaunaldi gehienak izan ziren. Guri txikerretan ipuinak ahoz kontatzen dizkigute, bertsoak ere entzun egiten ditugu eta esaerek transmititzen duten jakintza ahozko jarioak biziberritzen ditu. Eta zeresanik ez, bertsolaritza eta musikarekin batera ahozkotasunaren jaialdi aberatsa sortzen da, euskara eta jendea gozarazten duen cocktail gozo eta koloretsu bat alegia.

Zerbait gehiago gehitu gura duzu?

Euskara biziberritzea beti korrontearen kontra burutu dugu, eta instituzioetan presentzia izan badugu oinarrizko lan militante hari esker izan da, gure alde ditugun lege mendre horiek borroka horren ondorioz sortu baitira, beti ere herri ekimenaren atzetik. Aurrerantzean gure esku dago bidea egitea, eta gaur bereziki ibai harroak korronte gogorra darama, eta neurririk jartzen ez badugu oldar horrek geure komunitate xumea harrien kontra akabatu ahal gaitu. Laburbilduz, atzean ez dugu jainko salbatzailerik izango, gu gara gure eginkizunen neurria, eta errealitate berriak geuk eraikiko ditugu. Kultur ekimen hauek geure izaera biziberritzen lagun dezakete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun