Zer prestatu duzue aurtengo kuadrilla egunerako?
Urtero lez, Kuadrilla Egunari begira egun osoko egitaraua prestatu dugu. Aurreko urtean erabaki genuen momentu aproposa zela gai sozial jakin batzuei ikusgarritasuna emateko, eta Palestinak bizi duen genozidioa salatzeko aprobetxatu genuen.
Aurten berriz, euskarari protagonismoa ematea erabaki dugu. Hausnarketa egin ostean, ikusi genuen euskararen aurkako oldarraldian bete-betean sartuta gaudela, eta inoiz baino garrantzitsuagoa dela aldarrikatzea guk eraiki nahi dugun herria euskalduna izan behar duela.
Horretarako, jai giroaz gain, bestelako ekintzak prestatu ditugu. Goizean, “Euskara, kuadrillak eta Sopela” hizpide izango duen solasaldia, adin desberdinetako kuadrillakideen parte hartzearekin. Bazkalostean, Paule Loizaga eta Unai Mendibururen eskutik
bertso-saioa. Eta gero, arratsaldeko lehenengo partean, Euskaraldiaren aldeko kuadrillen argazkia.
Horretaz gain, nola ez, ohikoak diren bestelako jarduerak izango ditugu: herri bazkaria, poteo musikatua, zein hiru musika talderen kontzertuak: Martia, Reder eta Nonbait.
Urtez urte eskaintza hobetzen duzuela sentitzen duzue?
Hobetzea baino, esan genezake urtez urte eskaintza berritzen saiatzen garela. Urtetik urtera hausnarketa egiten dugu, eta aurreko urteko balorazioa egin ostean, hobetzen saiatzen gara, noski, baina hori baino, helburua zeozer berri egitea izaten da. Garrantzi handia ematen diogu Kuadrilla Egunak egitarau erakargarria izateari. Hobetzen dugun edo ez epaitzea kuadrilla zaharrenei dagokie, haiek baitaukate Sopelako Kuadrillen ibilbide osoaren perspektiba.
Nolakoa izan da antolakuntza?
Antolakuntzari dagokionez, irailetik hasten gara urte osoan zehar garatzen ditugun jardueren oinarriak finkatzen. Hala, irailean Kuadrilla Egunean begirada jartzen dugu, eta egitarauari forma ematen hasten gara. Hortik aurrera, kuadrillen asanbladetatik irteten diren ideia berriak txertatzen saiatzen gara eta, eguna heldu eta aste batzuk lehenago, arduren banaketa egiten dugu.
Modu horretan, kuadrilla guztiek eguna ondo atera dadin ezinbestekoa diren ardurak hartzen dituzte: kozinatu, musika taldeekin harremana, janari eta edariaren erosketa, solasaldia eta bertso-saioa prestatu, gestio burokratikoak, garbiketa txandak…
Aipatu behar dugu kuadrilla guztien aldetik prestutasun eta gogo handia egoten dela ardurak betetzeko. Auzolanaren kulturak ezinbesteko pisua du Sopelako Kuadrillek garatzen dugun jarduera desberdinetan.
Nola sentitzen zarete Kuadrilla Egunarekiko?
Gogo handiz, baina ardurarekin ere. Izan ere, gure ustetan, horrelako egunek, auzolanetik eraikitzen direnak eta guztion inplikazioa exijitzen dutenek, kohesioa ematen digute, komunitatea sendotzen dute eta herria egiteko balio dute. Nabarmendu nahiko genuke ilusioz ere sentitzen garela Kuadrilla Egunarekiko. Urtero kuadrilla gazte berriek Sopelako Kuadrillen ekimenetan parte hartzeari ekiten diote eta horrek zantzu positibo baten adierazle da: herri hau ez dagoela hilda, herri honek etorkizuna duela, eta etorkizun horretan komunitateak sekulako garrantzia izan dezakeela.
Zenbat lagun espero dituzue?
Bazkarian 130 baino gehiago izango gara. Egunean zehar izango ditugun jardueretan, berriz, jende gehiago espero dugu. Zalantza barik larunbatean Sopelan giro aparta egongo da egun osoan zehar.
Zerbait gehitu nahiko zenukete?
Aurtengo Kuadrilla Eguna euskarak bizi duen egoera salatzeko aprobetxatu nahi dugunez, gure hizkuntzaren aldeko aldarri batekin bukatu nahiko genuke. Uste dugu euskararen aldeko kontzientzia eta atxikimendua lortzea ezinbestekoa dela gure hizkuntzaren biziraupenerako. Momentu latza bizi dugu, euskara fronte guztietatik ari dira erasotzen: botere judizialetik, administraziotik, kiroletik, kultura mainstream deritzon horretatik… Euskaldunok bizi dugun zapalkuntza ukaezina da.
Horregatik, gure iritziz, horrelako egunak ezinbestekoak dira euskararen aldeko kontzientziazioa hedatzeko, eta horretan kadrillek zeresan handia daukate. Guk Sopela euskaldun bat eraikitzen jarraitu nahi dugu, euskaraz bizi nahi dugulako.
View this post on Instagram