Paula Odriozola 'Pauloski': "Ur-azpiko isiltasun hori… lar maite dut"

Iker Rincon Moreno 2025ko eka. 9a, 10:13

Paula Odriozola, 'Pauloski', Meñakotz hondartzan, uretako kamera eskuetan duela.

Uretako kameragintzan hamar urte bete dituen honetan, Kameraqua dokumentala aurkeztu digu Pauloski ezizenagaz ezaguna den Paula Odriozolak: olatuen eta ikus-entzunezko emozioen arteko elkarrizketa poetikoa. Dioenez, itsasoari egindako omenaldi zintzo eta pertsonala da. Trilogia baten lehen atala kaleratu du, Edu Bartolome sopeloztarra protagonista duena. Elkarrizketa honetan, dokumentalaren sormen-prozesua, Pauloskiren ibilbide pertsonala eta itsasoagaz duen harremana aztertu ditugu.

Orain gutxi Kameraqua argitaratu duzu, uretako kamerei omenaldi egiten dion dokumentala. Zer aurkituko dugu lan horretan?

Kameraqua dokumentalak uretako kameren unibertsoan sortzen diren emozioei buruz hitz egiten digu. Ikus-entzunezko diziplinaren alderdi teknikoa bazterrean uzten du, ikuspuntu sentimentala lehenetsiz.

Zein garrantzia izan du uretako argazkilaritzak zure bizitza pertsonalean eta profesionalean?

Iaz, 2024an, hamar urte bete nituen uretako kameragintzan murgildu nintzenetik, eta nolabait ospatu nahi nuen. Aldi berean, diziplina honi omenaldi bat egiteko gogotsu nengoen, gure inguruko surf-argazkilariak protagonista bihurtuta.

Baina, batez ere, olatuari eta itsasoari protagonismo osoa eman nahi nien, nire bizitza pertsonalean oreka, harmonia eta bizitasuna ekartzen baitizkidate. Arlo profesionalean, itsasoak diruarekin neurtu ezin daitezkeen sentipenak eskaini dizkit, arima betetzen duten horiek.

‘Chapter 1’ izenburuak jarraipena izango duela iradokitzen du. Trilogia izango da, ezta?

Hala da. Trilogia formatua eman diot, amaiera-epe jakin bat zehazteko. Lehen atalean Edu Bartolome sopeloztarra da protagonista; bigarrenean, berriz, Victor Gonzalez Castellóko maisua (grabaketak hasi ditugu jada); eta hirugarren kapituluaren hizkuntza euskara izango denez, protagonistak eta elkarrizketak euskaldunak izango dira, baina izenak oraindik ezin ditut publiko egin, kar kar.

Nola otu zitzaizun horrelako proiektu bat egitea? Zer pizgarrik bultzatu zintuen?

Pizgarria itsasoa bera izan da. Eta, noski, olatuen edertasuna ere bai. Unibertso honetan sortzen den energia eta espiritualtasuna goratu nahi izan ditut.

Laguntzarik izan duzu dokumentala aurrera eramateko? Nolakoa izan da lan-taldearen dinamika?

Proiektu honetako elkarrizketetarako kamera osagarria izan dut: Claudia Casado emakume kameragilearen begirada. Bere ekarpena itzela izan da, eta lan-taldeko esperientzia oso nutritiboa eta aberasgarria.

Besteak beste, Bilbao Surf Festivalean aurkeztu duzu lana. Nolako harrera izan zuen ikus-entzuleen eta sektoreko jendearen aldetik?

Bilboko Surf Film Festibaleko estreinaldiaren harrera beroa eta polita izan zen. Bartolo eta biok oso pozik irten ginen Getxoko Muxikebarri antzokitik.

Dokumentala Filmin-en ere ikusgai izan da, ezta? Nolako oihartzuna izan du plataforman?

Egia esan, Kameraqua Filmin-en ikusgai zegoen bitartean denborarik gabe ibili nintzen, eta ez daukat ideiarik zer-nolako oihartzuna izan zuen plataforman; desastre hutsa!

Oker ez banaiz, hau da zure hirugarren filma. Nolakoa izan da zure ibilbidea?

Hainbat laburmetraje egin ditut orain arte (Vimeon ikusgai daude). Hala ere, dokumental formatuan Kameraqua (2024, 21 minutu) da hirugarrena, bai. Lehenengoa Capacitados izan zen (2017, 8 minutu), Gallo eta Alvin Bayona protagonista zituena; eta bigarrena Paulownia (2020, 18 minutu), egurrezko surf-taulak esploratzen dituena.

Atzera begiratuta, nabarmen aldatu da sortu nahi dudanaren izaera: bai forman, estiloan eta baita zentzuan ere.

Nola uztartzen dituzu afizioz egiten dituzun proiektu horiek zure eguneroko lanagaz? Erraza al da mundu bi horiek orekatzea?

Hor dago nire buruhaustea: ez da batere erraza “Kantauriko Olatua” eta Marrazketa Teknikoko irakaskuntza uztartzea. Azken bi ikasturteetan lanaldi murriztuak aukeratu ditut, uretako kameragintzan ahal dudan neurrian energia jartzeko. Dena den, ezin dut ukatu estres uneak ere izaten ditudala.

Zein izan da grabazio-prozesuko unerik bereziena zuretzat? Eta zailena?

Dudarik gabe, unerik bereziena olaturik gabeko egun bat izan zen. Sopelan sartu ginen, ura oso garbi zegoen goiz batean, “crystal clear” deritzogun baldintzekin. Nire asmoa apnean igeri eginez plano hurbilak hartzea zen; emaitza, dokumental osoaren zati poetikoena izan da. Ur-azpiko isiltasun hori… lar maite dut.

Zailena, ordea, Edu Mundakan bodyboardarekin harrapatzea izan zen, 100 pertsona baino gehiagoko lehian!

Nola aldatu du proiektu honek zure ikuspegia itsasoko irudigintzari dagokionez?

Itsasoko irudigintza lasaitasunetik egin nahi nuke, naturarekin bat datozen erritmoekin. Proiektu hau erditzen ari naizen unean, nire bizitza profesional eta pertsonalean inflexio puntu sakon bat izaten ari da. Ortuko fruituak jasotzeko momentuan nago, eta fruitu horiek patxadaz dastatu eta disfrutatu nahi ditut. Betiere, eskertasunez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun