EAEko Itsasertz Mugartearen Barinatxe hondartzaren birsortzea eta naturalizazioa proiektuak duna eta labarra naturalizatzea aurreikusten du, baina, horretarako, hondartzako zerbitzuen eraikina eta arrapala eraistea ere aurreikusten du. Udalak kezka azaldu du berrikuspen-fasean dagoen proiektu horrengatik, eta sarbide seguruak mantentzea eskatu du, garbiketa eta sorospen zerbitzuak, eta surf-jardueren garapen normala ziurtatzeko, hondartzaren "balio ekonomiko eta soziala babesteko".
Udalak azaldu duenez, esku-hartze horren aurrean, proiektua aztertzeko eta zalantzak argitzeko bilera eskatu zien arduradunei. Hori azaroaren 13an egin zuten Bilboko Itsasertz Mugartearen egoitzan, eta bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Getxoko Udaleko ordezkariak. Horretan, Sopelako udaleko ordezkariek adierazi zuten Barinatxe "bisitari gehien jasotzen duen hondartzetako bat" dela; izan ere, 2025eko ekainetik uztailera bitartean 171.000 bisitari zenbatu ziren bertan, aurreko urtean baino % 103 gehiago. Zentzu horretan, ezinbestekotzat jo zuten irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzea. Ildo horretan, hondartzak larrialdi- eta sorospen-zerbitzu egokiak behar dituela azpimarratu zuten, ia egunen erdian bandera gorria izaten baitu uda garaian.
Udalak, gainera, surf eskolen garrantzia ere nabarmendu zuen udalerriko enplegu eta jarduera ekonomikoaren ikuspegitik oso garrantzitsuak batira. Horregatik, eskatu zuen egungo arrapala mantentzea edo sarbide alternatibo bat diseinatzea, baita komunak, dutxak eta sorospen-zerbitzuetarako eraikina mantentzea edo ordezkatzea ere.
Bukatzeko, Sopelako Udalak adierazi du naturalizatzearen alde dagoela, "natur-gune oro zaintzearen alde baitago", baina uste dute Itsasertz Mugarteak ahalegina egin beharko lukeela naturalizatzeak ekar ditzakeen arazoen konponbidea bilatzeko. "Proiektu honek ezin duena egin da milaka eta milaka erabiltzaile dagoen hondartza baten larrialdi zerbitzuak oztopatu, erabiltzaileek eta itsasoak berak sortzen dituzten hondakinak jaso gabe utzi, hondartzak eskaintzen dituen zerbitzuak hankaz gora jarri eta hor sortzen diren lanpostuak kinka larrian utzi", adierazi dute .
EAJren kritika
Bere aldetik, Sopelako EAJk salatu du EH Bilduren gobernu-taldea besoak gurutzatuta geratu dela Espainiako Gobernuak Barinatxeko sarbideak ixteko hartu duen erabakiaren aurrean. Alderdi jeltzaleak "onartezintzat" jo du jarrera hori eta ohartarazi du "ehun lanpostu baino gehiago arriskuan" jarri ditzakeela, baita hondartzako segurtasuna eta zerbitzu publikoak ere.
"EH Bilduk duela hilabete batzuk ezagutu zuen erabakia, eta denbora pasatzen utzi du sarbideak ixtea saihesteko neurririk hartu gabe", kritikatu dute jeltzaleek, gaineratuz itxierak "surf eskolak, udalekuetako jarduerak eta udako ikastaroak" arriskuan jarriko dituela.
EAJk kritikatu du, halaber, "gardentasun falta handia" egon dela prozesu honetan, eta Sopelako herritarrak "ez direla ohartu hondartza ezagunena irisgarria izateari utziko diola". Horregatik, alderdiak iragarri du Espainiako Gobernuari irtenbide bat bilatzeko eskaria egingo diola, "Barinatxeko zerbitzu publikoak eta enplegua bermatzeko".