32 urteko kartzela-zigorra eskatu dute lau sopeloztarrentzat, joko-aretoen aurkako ekimenetan parte hartzea egotzita

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 18a

Duela lau urte, Sopelako joko-areto baten aurkako ekimen desberdinetan parte hartzea egotzita, 112.400 euroko isun ekonomikoa eta bakoitzari 8 urteko espetxe-zigorra ezarri gura diete. "Zigor-eskari izugarria" eta "muntai poliziala" bezala deskribatu duten horren aurrean antolatzeko, batzar informatiboa egingo dute zapatuan, 13:00etan, Sopelako Udaletxe plazan.

Gertakariak 2021ean jazo ziren, Espainiako Polizia Nazionalak Sopelako lau gazte atxilotu zituenean. Orduan atxilotuak babestu zituzten herritarren arabera, atxiloketak "mobilizazio txiki eta baketsu baten ondoren" egin zituzten, joko-areto batek gazteen osasunean eta herriko bizikidetzan izan zezakeen eraginaren aurkako ekintzen testuinguruan.

Sopelako 4ekin 1 talde ekintzaileak adierazi duenez, "muntaia polizial berri baten aurrean gaude". Salatu dute 2020-2021ean Sopelako herri-mugimendu antolatua modu aktiboan ari zela parte-hartzen ekintza desberdinetan, hala nola supermerkatu berri baten aurkako dinamikan, joko-aretoen aurkako protesta ere ari ziren egiten eta zenbait gaztek Udaltzaingoagaz gatazkak izan zituzten. Testuinguru horretan, herritarrak bultzatzen ari ziren dinamika horiekaz amaitu gura izan zuten, eta, horretarako, "frogak manipulatuz zein adierazpen faltsuak eginez, lau lagun horiek jo puntuan kokatu zituen operazioa martxan jarri zuten". 

Horregaz batera, protesta batzuetan parte hartzea egotzita lau akusatuei 32 urteko kartzela-zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatzea "zentzugabea" eta "neurrigabea" dela ere erantsi dute: "Hau sekulako astakeria da".

Zigor-eskaeraren neurrigabea eta auziaren garapena direla-eta, herritarrei informazioa helarazteko eta babes soziala antolatzeko adierazi dute, eta hori antolatzeko batzar informatiboa egingo dute zapatuan, 13:00etan, Sopelako Udaletxe plazan. "Denon ekarpena ezinbestekoa da", adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun