Dokumentu berri honek 20 ekintza zehatz, 11 ildo estrategiko eta lau ardatz nagusi biltzen ditu, eta daborduko eskuragarri dago Udalaren gardentasun-atarian herritarrek kontsulta dezaten. Planaren ardatz nagusiek komunitatea sortzea, zerbitzuak herritarrengana hurbiltzea, lehiakortasuna eraldatzea eta kudeaketaren eraginkortasuna optimizatzea dituzte helburu, Sopela 2030era begira hiri-ekonomia hurbilago eta dinamikoago baterantz eramateko.
Prozesua 2025. urtearen hasieran abiatu zen Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren gidaritzapean, eta parte-hartze zabala izan du oinarri. Diagnostikoa osatzeko, sektoreko profesionalei zein herritarrei zuzendutako inkestak egin dira, eta hainbat lan-saio antolatu dira teknikari, politikari eta herriko gizarte zehuneko eragileakaz.
Udala hasi da daborduko dokumentuan jasotako bide-orria betetzen, eta tokiko jarduera sozioekonomikoa sustatzeko hainbat ekimen jarri ditu martxan. Bonu kanpainen eta Gabonetako lehiaketen ostean, gaur egun Inauterietako dekorazio lehiaketaren bidez ostalaritza dinamizatzen ari dira, eta 2026rako 'Sopela Gustora' pintxo-lehiaketaren bigarren edizioa iragarri dute. Horrez gain, enpresei laguntzeko 'Sopela Garatu' dirulaguntzak hobetu dituzte eta urte honetan bertan networking eta aholkularitza zerbitzu berri bat eskaintzen hasiko direla aurreratu dute.
Eder Garcia zinegotziak nabarmendu duenez, merkataritzari lotutako azken plana 2014koa zen, eta ezinbestekoa zen egungo egoeraren azterketa sakon bat egitea etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Plan berri honegaz, Sopelak turismo jasangarriaren eta hurbileko merkataritzaren aldeko apustua indartu nahi du, eskualdeko zentralitatea sendotuz eta tokiko establezimenduei ikusgarritasun handiagoa emanez.