Sopelako Udaleko lan-brigadak eta eskualdeko enplegu planak burutu dituzte bi ibilbide hauek egokitzeko lanak. Ekimen hau 2023-2027 Legegintzaldi Planaren barruan kokatzen da, eta udalerriko elkarteek zein alderdi politikoek osatzen duten Eraztun Berdearen Kontseiluaren bultzada jaso du, herrian ingurumen-balio handiko eremuak babesteko asmoz.
Berreskuratutako lehen ibilbidea Erroten bidea da. 1.586 metroko luzera du eta herriko ondare historiko handieneko guneak zeharkatzen ditu. Ibilbide honen ardatz nagusiak Zaitu eta Tanbolin errotak dira. Udalak iragarri duenez, lehen urrats gisa azterketa tekniko bat egin du antzinako azpiegiturak (urtegiak, ubideak eta sistema hidraulikoak) nola kontserbatzen diren egiaztatzeko.
Zaituko errotaren kasuan, egoera kaskarrean dagoenez, premiazko balorazioa egingo da hondatzea gelditzeko neurriak hartzeko. Adierazi dutenez, asmoa aztarna horiek guztiak ibilbidean integratzea eta interpretazio panelak jartzea da, herritarrek Sopelako iraganeko industria-jardueraren berri izan dezaten.
Bigarren bidea Meñakozekoa da, industria garatu aurretik herrigunea eta itsasertza lotzen zituen ardatz nagusia. Ibilbide hau Sopelmar urbanizaziotik abiatzen da eta Zabaletxeraino iristen da, antzina Larrabasterra, Bareño eta Manene auzoetako bizilagunek arrantzarako edo harria lortzeko erabiltzen zuten bide sarea gogora ekarriz.
Egungo errepidea eraiki aurretik, bide honetatik astoak eta gurdia ibiltzen ziren, Ibarrea ingurua zeharkatuz eta Errotabarri, Zaitu eta Tanbolin erroten ondotik pasatuz. Gaur egun, ibilbideak balio paisajistiko handia gordetzen duela azpimarratu dute Udaleko iturriek eta oinez zein bizikletaz ibiltzeko oso egokia dela azpimarratu dute, ia desnibelik ez duelako. Gainera, ikastolaraino iristen den bidegorriagaz eta Erroten bideagaz bat egiten du, aisialdirako eta naturaz gozatzeko ibilbide eroso eta atsegina osatuz.