Joan den urtarrilean izandako luizien ondorioz, harriek eta bestelako materialek Barinatxe hondartzara sartzeko arrapala oztopatzen jarraitzen dute. Egoera honen aurrean, Udalak adierazi du daborduko arazoaren berri eman diela Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako Zuzendaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Salbamendu Zerbitzuari, hondartzan esku-hartzerik egin beharko balitz sarbidearen muga kontuan har dezaten.
Hala ere, horren aurretik, Udalak formalki eskatu zion Itsasertz Mugarteari arrapala oztopatzen duten materialak kentzeko, jarduketa hori ez baitago udal-eskumenen barruan. Hala ere, erakunde horrek ezezko erantzuna eman dio errekerimenduari. Hori dela eta, Sopelako Udalak txosten tekniko osagarriak eskatu dizkie Jaurlaritzari eta Aldundiari, itxieratik eratorritako arriskuak modu integralean ebaluatzeko eta irtenbide seguru bat lehenbailehen bilatzeko.
Aste Santuko oporretan izandako eguraldi ona medio, jende asko hurbildu da hareatza horretara, baita salbamendu-zerbitzuak martxan jarri aurretik ere. Horregatik, Sopelako Udalak azpimarratu du funtsezkoa dela kaltetutako guneetara ez hurbiltzea eta blokeatutako bidetik ez ibiltzea. "Puntu horretatik sartzeak herritarren segurtasuna arriskuan jar lezake eta larrialdi-zerbitzuen lana zaildu", ohartarazi du erakundeak.
Era berean, Udalak bere konpromisoa berretsi du egoera hau lehenbailehen konpontzeko, baina bitartean herritarren babesa lehenesten duten erabakiak hartzen jarraituko duela adierazi du.