Sopelako kirol instalazioak kudeatzeko emakida kontratua gaur egungo baldintzetan bideragarria ez denez, Udalak eta BPXport Sopelana enpresa emakidadunak kontratua suntsiaraztea erabaki dutela iragarri dute. Hala ere, enpresa esleipendunak konpromisoa hartudu zerbitzua ematen jarraitzeko, Sopelako Udalak kontratu berri bat adjudikatu arte, prozesu berri hori abian da jada, maiatzaren hasieran lizitazio berri bat argitaratu baitzen.
Udalak BPX enpresagaz duen kontratua adostasunez suntsiarazteko espedientea hasi du, maiatzaren 28ko Osoko Bilkuran horrela onartu eta gero. Izapide hori arintze aldera, Udalak eta enpresak suntsiarazpen baldintzei buruzko aurreakordio bat sinatu zuten, eta, beraz, egungo kontratua hiru hilabeteko epean eta gorabehera gehiagorik gabe ebatzi ahal izango dela aurreikusten da.
Aurreakordioaren helburua, kirol zerbitzua eta lanpostuak mantentzea eta babestea izan dela adierazi du Udalak, kontratu berria martxan jarri arteko trantsizio tarte honetan. Aurreakordio horretan jasotzen da BPXek kirol instalakuntzen kudeaketagaz, esplotazioagaz eta mantenimenduagaz jarraituko duela; hau da, kirol eskaintzagaz bere zentzu zabalenean, adjudikazio berria egin arte. Gainera, BPXek ez ditu plegu teknikoan agertzen ziren obrak (eraikin berria eta padel pistak) egingo, ezta skate pista ere, kontratua ez delako bideragarria. Bien bitartean, aurreakordioan jasotzen da, Udalak kirol instalakuntzen legalizaziorako beharrezkoak diren konponketak egingo dituela.
Aurreko agintaldian, EAJ agintean zegoenean, enpresa horri kontratua 15 urtez esleitzea gogor kritikatu zuen EH Bilduk. Beraien arabera, erabaki horrek ez zituen udalerriaren beharrak kontuan hartzen eta herriaren etorkizuna 15 edo 20 urterako "hipotekatzen" zuen.
Kontratu berria
Sopelako Udalak aurrera jarraitzen du udal-kirol instalazioen zerbitzu publikoa emateko espedientea izapidetzen. Kudeaketa kontratu horrek, egungo ekipamenduen ustiapena eta kirol-gunea hobetzeari lotutako jarduketa berrien aurreikuspena barne hartzen ditu.
Prozedura ebaluazio fasean dago gaur egun, eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 3an itxi baitzen. Hurrengo egunean, ekainaren 4an, kontratazio mahaia bildu zen, eta eskaintzaren artxiboen irekiera bideratu zuen: Sport Studio Servicios Deportiva S.L. enpresa izan da prozesu honetara aurkeztu den enpresa bakarra. Hemendik aurrera, espedienteak izapidetze administratiboagaz jarraituko du, proposamenaren azterketa teknikoargaz eta ekonomikoagaz. Prozedurak aurreikusitakoaren arabera aurrera egiten badu, kontratu berriaren esleipena abuztuko bigarren hamabostaldian formalizatu ahal izango da.
Kontratuaren hasierako iraupena bost urtekoa da, eta, gehienez, hamar urtera arte luzatzeko aukera dago. Udalaren kirol instalazioen kudeaketa integrala aurreikusten du, eta Sopelako kirol kudeaketaren eredua modernizatzeko estrategiaren barruan dago.