
Bizilagun talde batek Sopelako Larrabasterra auzoko abandonatutako eraikina okupatu zuen orain dela hiru urte, eta ordutik gune autogestionatu honek "herriaren existentzia eta erresistentziarako" berebiziko eragina izan du eskualdean, asanbladak adierazi duenez. Urte hauetan zehar, Auzoetxean hainbat eragile eta kolektibok parte hartu dutela azaldu du "autogestiotik, militantziatik eta kulturatik", eta elkarlana bultzatu, alternatibak sortu eta komunitatea eraiki duela azpimarratu du ere.
Auzoetxearen etxegabetze arriskuaren aurrean, asanbladako kideek "sistema kapitalista, indibidualista, kontsumista eta espekulatzaile honen" aurka okupazioa, autogestioa eta auzo-boterea aldarrikatu dituzte. Hori bera egiteko eta etxegabetzeari ezetz esateko deitu dute manifestazioa datorren irailaren 25erako. Mobilizazioaren ondoren, kontzertuak izango dira ere Auzoetxean bertan, 21:00etan.