Hazilan egitasmoan Eusko Jaurlaritzak eta Europako Gizarte Funtsak ere dihardute. Proiektuaren helburu nagusia da gazteei zuzendutako 5.000 lanpostu sortzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 2016 eta 2021 bitartean. Lanpostu horietatik %55 emakumeei egongo dira zuzenduta.
Hazilan programaren atal horretan izena eman ahal izango dute honako baldintzak betetzen dituzten 20 eta 35 urte bitarteko langabetu gazteak: kualifikatuta egotea, hots, unibertsitateko titulazioa edo Lanbide Heziketako goi mailako zikloren bat izatea; eta Uribe Kostako Mankomunitateko zazpi udalerrietakoren batean erroldatuta egotea. Enpresetan praktikak egitea jasoko duen proiektuan parte hartu gura duten pertsonek izena eman dezakete daborduko Hazilanen webgunean.
Hazilanek eskainiko die parte hartuko duten pertsonei "euren ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatzen dituzten proiektu profesionaletara egokitutako ibilbide pertsonalizatuan oinarritutako metodologia". Proiektua hainbat baliabidetan dago oinarrituta, eta lehenengo fasean, pertsonen aktibaziora zuzenduko da eta, proiektuaren arabera, espezializatutako ikasketekaz, praktikekin edo enpresa proiektuetan parte hartzeagaz jarraituko dute.
Proiektuaren arduradunek gogoratu dutenez, izena emateko epea hilabete honetatik aurrera zabalik egongo den arren, komenigarria da hautagaiek euren datuak maiatzean sartzea, programaren abantaila guztiak jaso ahal ditzaten. Interesatuta dauden pertsonek programaren Hazilanen webgunean eman dezakete izena, edo gune horretara Uribe Kostako Behargintzaren Urkobe.net webgunearen bidez heldu.