Inaugurazio-ekitaldiko gonbidatuen artean, Alfredo Espinosaren senideak zeuden; eta "euren babesagaz Urdulizko ospitalea errealitate egiten" lagundu duten erakundeetako, udaletako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta jendartearen ordezkariak ere bai.
Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak azpimarratutakoaren arabera, Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea Bizkaiko jendartearentzat eta Euskal Autonomia Erkidegokoarentzat, oro har, "albiste bikaina da"; Eusko Jaurlaritzarentzat "pertsonen osasuna lehentasuna" dela frogatzen du. "Euskadi da aurten ospitale publiko berri bat martxan jarri duen autonomia-erkidego bakarra eta Urdulizko ospitaleak Osakidetzaren zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoa egunez egun hobetzen eta indartzen jarraitzeko apustu sendoa egin dugula erakusten du", adierazi zuen Urkulluk.
Lehendakariaren berbetan, Urdulizko ospitalea Eusko Jaurlaritzak osasun publiko unibertsal eta kalitatezkoaren alde duen konpromisoaren isla da. Modu berean, "elkarren segidako hainbat gobernuk euskal osasun-sistema publikoaren alde apustu egiten jarraitu dutela erakusten du", bere ustez; izan ere, Osakidetzaren ospitale berri hau sortzeko prozesua azken hiru legegintzaldietan garatu da. Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea, gainera, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan azpiegitura publiko batean egin duen inbertsiorik handiena da. Gaur egungo egoera ekonomikoan, lau urteotan, 153 milioi euro inguru inbertitu dituzte.
Era berean, mota horretako azpiegitura bat martxan ipintzea profesionalentzat erronka bat dela, baina "ilusioa" pizten diela, nabarmendu zuen Urkulluk. Ildo horretan, ospitale berri horretan lan egingo duten profesional guztiak –600 baino gehiago eta 400 lanpostu berri baino gehiago– "gobernu honek pertsonakaz daukan konpromisoagaz aurrera jarraitzera" animatu zituen, "Osakidetza euskal gizartearentzat hurbiltasunaren, arretaren eta kalitatearen aldetik erreferente izan dadin".
Hala ere, sindikatuek beste elkarretaratze bat egin zuten egunean bertan, "pribatizaziorik ez" goiburuagaz; azken hilabeteotan egin dituzten aldarrikapenei jarraituz.