Garraio diputatuak Urdulizko ospitalea dela-eta egindako urratsen berri emango du

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 25a, 17:23

Vicente Reyes Bizkaiko Batzar Nagusietan, Gernikan, artxiboko irudian. © BFA

Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusiei azalduko dizkie bere Arloak eman dituen urratsak eta hemendik aurrera aurrez ikusitako jarduerak, ekainean Urdulizen zabalduko den Alfredo Espinosa ospitalea dela-eta.

Bizkaiko Foru Aldundiak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, Reyesek berak eskatu du bere agerraldia gaur goizean, idatziz, ganberaren erregistroan. Deklarazioa Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako Batzordean egingo du.

Gaur goizean diputatuak azaldu duenez, aztertu egin beharra dago "Urdulizen aurten zabalduko den ospitaleak garraio publikoari dagokionez eragingo duen egoera, ospitalearen eraginpeko eremuko biztanleak haraino joan daitezela errazteko".

Reyesek gaineratu du jarduera publikoak gardenak izan behar direla, eta "bereziki gardenak" herritarrentzat garrantzitsuak diren gaien kasuan, ospitale bat irekitzea bezalakoetan; horrenbestez, "azaldu egin behar dugu zer egin den orain arte eta zer egitea aurrez ikusten den, erabakiek eragindako pertsona eta udal guztiek jakin dezaten zer aurreikuspen dagoen eskainiko zaien garraio publikoaren inguruan, nahiz eta behin betiko erabakiak izan ez". Oraingoz, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako Batzordeko Mahaiak ez du zehaztu hurrengo bilera noiz izango den ezta Reyesen eskaera onartuko duen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun