Kari, Gurru, Ipar eta Ander laukoteak asteak daroatza Euskal Herriko errepideetatik ibiltzen, udako herri guztietako gastronomia lehiaketetan parte hartzeko. Sukaldeko tresna guztiak furgonetan daramatzate. Gaurko saioan, "Nor Bere Saltsan" saioko protagonistek beste erronka bat izango dute: Urdulizen arituko dira, bertan antolatutako Rabu Txapelketan. Zezen-buztana prestatu behar dute, baina haietako batzuek ez dute sekula egin. Errezeta bila sanferminetara joan ziren, eta Iruñean jasotako aholkuak baliagarriak ote diren jakiteko unea helduko zaie ikusleei.
Gainera, aste honetako atalean Karik ez du hartuko bazkaria prestatzeko ardura, eta lapikoa beste saltseroen esku utziko du. Ikustekoa izango da bere jarrera, emaitza espero bezain ona ez dela ikusten duenean. Gogotik saiatuko badira ere, ez dute erraz izango txapela irabaztea. Tradizio handiko txapelketa da Urdulizkoa, eta eskarmentu handiko taldeek hartzen dute parte bertan.