Elkarrizketak

Iker Casado: "Nire helburua partida bakoitza irabaztea da"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016ko aza. 18a, 18:21

Iker Casado, Iparralde futbol-zelaian, entrenamendu baten aurretik.

Iker Casado Zaballa da Urduliz futbol-taldearen entrenatzaile berria, Ohorezko Mailan.

Ohorezko Mailan lehenengo entrenatzailea izatera heldu zara.

Iaz futbolean jokatzeari utzi nion, epe luze batean helduak entrenatzeko helburuagaz. Aldi berean, hemen koordinatzaile moduan nenbilen; hau nire hirugarren urtea da. Bestalde, Nando [Alonso entrenatzailea] etorri zen, klubak egindako apustu garrantzitsua izan zen; elkarren lagunak gara, beste kontu batzuetan beragaz egin eta egiten dut behar, eta berak proposatu zidan bigarren entrenatzailea izatea. Osasun arazoak direla-eta, entrenatzaile izateari utzi behar izan dio Nandok. Niretzat oso egoera tristea da; alde batetik, ezin dudalako gozatu epe luzean neure buruari ipinitako helburua betetzeak eman behar izango lidakeen zoriontasunaz. Baina kontuak datozen moduan datoz. Ni pozik nago; bai klubak eta bai Nandok nigan konfiantza izan dutela ikusten dudalako, Nandok bere alboan hartzean eta, ondoren, bera ordezkatzeko ni proposatzean, eta "lasai, ondo egingo duzu" esan izateagatik.

Gura duzuenerako berarengana jotzeko ere esan dizue Nandok, ezta?

Jakina! Nik beragaz berba egiten jarraitzen dut, egunero ez, baina, askotan: "hau horrela planteatuko dut edo beste modu horretan? Horri zer deritzozu? Zer iruditzen zaizu taldea...", eta beste kontu asko! Gura ez dela ere, bertan dago laguntzen.

Zelan dago taldea orain?

Egoera tristea izan da denontzat. Ostera, taldea ondo ikusten dut, gogotsu; ez dugu arreta galdu eta ilusioz gainezka gaude denok, ni neu lehenengoa, eta azkenengo muturtzat jo daitekeen atezainen entrenatzaile den Dani ere bai.

Zein helburu ipini diozu zure buruari?

Aurrekoan, Lekeitio egokitu zitzaigun aurkari, eta irabaztera joan ginen, Lekeitio bakarrik buruan. Hori da nire helburua: partidak banan-banan irabaztea. Eta denek ilusio handia mantentzea eta jokalariek aldaketarik ez nabaritzea da nire lana, Nandogaz egongo balira legez segitzea gura dut.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun