Elkarrizketak

Marta Zelaia Aranbaltza: "Ikusleei denbora zelan igarotzen den hausnarrarazi gura nieke"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko ots. 4a, 10:00

Marta Zelaia Urdulizen bizi da. Arte Ederrak ikasi zituen, Pintura espezialitatean, Euskal Herriko Unibertsitatean; eta han lizentziatu zen, 1987an. HODEI TORRES

Martxoaren 18ra arte, Marta Zelaia Aranbaltza (Urduliz, 1962) sortzailearen "Sokatira 2014-2017" erakusketa ikusbide izango da Bilboko Rekalde Aretoan. Urduliztarragaz batera, bost artista gaztek parte hartuko dute Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Barriek 2018 egitasmoan.

Bigarren aldiz, Barriek proiektuan parte hartuko du Marta Zelaiak. Sortzaile urduliztarrak 1987 eta 1988 urteen artean jaso zuen Aldundiaren beka. Hala, aurretik babesa jaso zuen sormen-talentua berreskuratu gura izan dute foru-arduradunek; bide batez, Zelaiak gaur egun egiten duen lana ikusi gura izan dute eta aukera eskaini diote lan horiek jendaurrean aurkezteko.

Pozik hartu duzu Barriek programan parte hartzeko Aldundiak eman dizun bigarren aukera? Gaur egun esku artean daukadan lana, "Sokatira 2014-2017" egitasmoa, erakusteko aukera ezin hobea da. Rekalde Aretoak erakusleiho handi bat dirudi, zeinean bere burua sokatik tiraka irudika dezakeen ikusleak.

Artista gazteentzat garrantzitsua da esperientzia handiagoa daukaten sortzaileakaz elkarlanean jardutea? Bai. Artearen munduan hasten zarenean zalantzak eta segurtasun-eza sortzen zaizkizu askotan. Lagungarria da esperientzia handiagoa daukan sortzaileren bat alboan izatea, aholkuak emateko.

Eta artista berrien eskutik zer ikasten dute esperientzia handiagoa daukatenek? Ikuspuntu berriak erakusten dizkigute hasiberriak direnek, eta horiek irudikatzeko moduak ere bai.

Aldundiko bekak ateak zabaldu zizkizun? Arte Ederretan lizentziatu eta berehala jaso nuen Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen beka. Horri esker, nire lanaren oinarriak zeintzuk izango ziren ondo pentsatzeko aukera izan nuen. Horrez gainera, sorkuntzari ekiteko konfiantza handia eman zidan foru-erakundeak nigan egindako apustuak. Bestalde, ikastaro askotan parte hartu nuen: Angel Badosek eta Txomin Badiolak Artelekun egindakoak oso baliagarriak suertatu zitzaizkidan. Esperientziak elkartrukatzea aberasgarria da; ildo horri eutsi diot Sokatira egitasmoa gauzatzeko.

Beharrezkoak dira Barriek bezalako egitasmoak? Bai, zalantzarik gabe. Sortze-lanean hasiko zarela erabakitzen duzunean zaila izaten da zein norabide jarraituko duzun erabakitzea. Horretan pentsatzeko aukera ematen dizute horrelako bekek.

Administrazio publikoek ahalegin nahikoa egiten dute artista gazteei laguntzeko? BilboArte, Arteleku eta halako guneak behar-beharrezkoak dira sormena sustatzeko.

Zertan ibili zara azken urteetan? Inoiz ez dut artea albo batera utzi. Loregintzan jarri nuen interesa eta paisajismoa lantzen ibili nintzen; nire ogibide bilakatu da.

Ikusleak zer aurkituko du "Sokatira 2014-2017" erakusketan? Puntadaz puntada, azken urteotan egin dudan tapiz handia ipini dut Rekalde Aretoan. Ikusleek denbora zelan igarotzen den hausnartzea gustatuko litzaidake, lan horren bitartez.

Denbora luzea behar izan zenuen tapiza egiteko? Lan-prozesua zein izan behar zuen erabakitzea kostatu zitzaidan gehien. Etxean, gurasoakaz, egin behar nuela ulertu nuen; eurengandik ikasitako zeozer egin gura nuen. Lan-prozesu osoan ez dut une batean ere ahaztu euren alaba naizela, artista izateaz gain. Aita-amen zaintza eta lana uztartu egin ditut proiektu honetan.

Egitasmo berriak dauzkazu eskuen artean? Batetik, "Sokatira 2014-2017" erakusketa areto gehiagotan ipini gura nuke. Horrez gainera, pieza berriak egiten nabil, orain arte egindakoez trilogia bat egiteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun