Udal-hauteskundeak 2019

Kritika gogorra Urdulizko EAJri: hauteskunde-legea urratzen egon litekeela adierazi dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Unai Brea 2019ko mai. 20a, 14:01

Urdulizko Udaletxea.

Urdulizko EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adierazpen bateratua plazaratu dute, EAJk bai hauteskunde-kanpainan bai azken legegintzaldi osoan izandako jarrera gogor salatuz. Oposizioa baztertu gura izatea leporatzeaz gain, kanpaina-sasoian inaugurazio publikoak iragarri izana kritikatu dute.

"Azken lau urteotan jasotako mesprezuak" aipatzen ditu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek argitara emandako agiriak. Zehazki, Josu Iratzagorria eta Veronica Garcia zinegotziek izenpetu dute dokumentua. Iratzagorria EH Bilduren zinegotzia da eta hirugarren doa maiatzaren 26rako zerrenda; Garcia, berriz, Elkarrekin Podemosek aurkeztu duen alkategaia da, eta gaur egun Denok Batera alderdiaren zinegotzia da Urdulizko Udalean.

Diotenez, udal-gobernuak oposizioa "arbuiatu du" azken lau urteotan. Besteak beste, EH Bilduk eta Denok Baterak, bakoitzak bere aldetik edo elkarregaz aurkeztutako zenbait proposamena (pilotalekua estaltzea, Antsonekoako aparkalekuak berrantolatzea, bidegorriak eraikitzea...) "lotsa barik" bereganatzea leporatu diote EAJri, baita ere jardunean dauden zinegotzi batzuen irudi eta izenak udal-webgunetik kendu eta aldiz kargua utzitako batzuk mantentzea.

Zinegotzien bulegoaren duintasun-faltaz ere kexatu dira: "Orduka antolatua, bulegoko material edo telefono, ordenagailu eta inprimagailu gabe, komunik ere ez duena". Bestalde, etxeetara bidaltzen den udal-aldizkarian zinegotzien iritziak ez jasotzea ere kritikatu dute.

Hauteskunde-legearen balizko urraketa

Idatzi berean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek diote "litekeena dela LOREGeko [hauteskundeak arautzen dituen legea] 50. artikulua urratu izana hauteskunde-kanpainan kiroldegiaren inaugurazioaren iragarpen publikoa egiteagatik (kontuan izan behar da ia bi urteko atzerapenaren ostean datorrela iragarpen hori)".

Horrez gain, EAJri aurpegiratu diote kartel erraldoia ipini izana metroa lurperatu ostean libre geratu den espazioaren urbanizatze-lanak iragarriz. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun