Apirilaren 12ra aurreratuko dute 42 Urduliz programazio-campusaren irekiera

Erredakzioa 2021ko urt. 28a, 13:47

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Telefónica Fundazioaren ekimena da 42 Urduliz programazio-campusa, profil digital berriak sustatzeko asmoz. Gaur goizean iragarri dutenez, apirilaren 12an irekiko ditu gune berri horrek ateak, Urduliz Dorrean campusak hartuko dituen 2.400 metro koadroak egokitzeko obrak egin ondoren.

Urdulizko programazio-campus berritzaile hori apirilaren 12an ateak irekiko dituela iragarri dute gaur goizean Bizkaiko Ahaldun Nagusia den Unai Rementeriak eta Telefónica Euskadiko zuzendaria den Javier Benitok Urduliz Dorrera egindako bisita batean.

42 Urduliz campusaren xedea da profesionalak trebatzea, bertan lan-merkatuak eskatzen dituen zeharkako gaitasun digitalak eskura ditzaten. Ekimenaren bereizgarrietako bat da guztiz berritzailea den pedagogia-eredu aitzindari batean oinarritzen dela, eta, gainera, adin guztietako pertsonek parte har dezaketela, aldez aurreko eskarmenturik edo titulaziorik aurkeztu beharrik gabe. Bestalde, doakoa da eta 24 orduz egongo da irekita asteko zazpi egunetan.

"Ekimen guztiz desberdina da. 42 Urduliz Bizkaia aukera bikaina da Bizkaiarentzat. Hemen sartzeko, ez zaio inori aldez aurreko titulaziorik eskatuko. Hemen gogoa, pertseberantzia eta taldeka lan egiteko nahia behar dira. Hemen ez dago adinik, aukerak baino ez. Aukera digital paregabea. Lan-merkatuak profil digitalak behar ditu, mota horretako talentua behar du eta. Zibersegurtasuna, Big Data, adimen artifiziala, Blockchain, gauzen Internet… Alor horiek guztiak daude 42Urduliz campusean", adierazi du Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak.

Bestalde, Javier Benitok nabarmendu duenez, "orain, inoiz baino gehiago, 42 Urduliz bezalako ekimenek zentzua hartzen dute, hemen, Bizkaian. Campus honetan, pertsonak eta gaitasun digitalak lotzen dira, eta berrikuntza, sormena eta teknologia uztartzen, etorkizuneko aukera profesionalak sortzeko". Telefónica Euskadiko zuzendariak adierazi du trebetasun teknikoetatik haratago doan prestakuntza berritzaile eta iraultzaile bat dela. "42 Urduliz ekimena martxan jartzearekin batera, aurrerapauso bat eman dugu eta lan-merkatu aldakorraren beharrei erantzungo diegu, inor atzean geratu ez dadin" ondorioztatu du Javier Benitok.

Izen-ematea

Unai Rementeriak eta Javier Benitok azaldu dute daborduko 1.200 pertsonak baino gehiagok erakutsi dutela ekimenarekiko interesa, eta aurretiko izen-ematea egin dute 42 Urduliz campusean. Aurretiko izen-emateen hurrengo urratsa online egingo diren bi test gainditzea izango da, eta gainditzen dutenek azken frogan parte hartu ahal izango dute behin betiko leku bat lortzeko. Azken froga horrek, gogorragoa eta zorrotzagoa, "igerilekua" izena du, eta apirilaren 5ean hasiko da. Guztira, 26 egun beharko dira froga egiteko, eta aldi horretan izangaiak, batez beste, 10-12 ordu egongo dira akademian, guztira, 13 proiektu diseinatzeko. Aldi horretan, 42 campusean egunero-egunero biziko dutenaren oso antzeko egoera bati egin beharko diote aurre, campusean lan egiteko dagoen filosofiari, eta, halaber, egokitzeko, ezustekoak maneiatzeko eta erronka berriak ebazteko modua bilatu beharko dute.

42 campusaren metodologia eta filosofia

Doakoa, presentziala eta 24/7 irekia den 42 ereduak arrakasta izan du nazioarteko 20 campus baino gehiagotan. 42 ereduak bere gain hartzen du zibersegurtasunean, Big Datan, adimen artifizialean, Blockchainean edo Gauzen Internetean, besteak beste, laneko aukerak eskaintzeko erronka. Metodo aitzindaria eta disruptiboa da, bikoitien arteko ikaskuntzan, gamifikazioan eta autoikaskuntzan oinarritua. Bada, emaitza arrakastatsuak izan ditu. Esate baterako, %100eko enplegagarritasuna lortu du hogei herrialde baino gehiagotan, eta batez beste zortzi lan eskaintza izan dute ikasle bakoitzeko programan egon diren aldian zehar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun