Urdulizko Udalak, genero-ikuspegiagaz egindako partaidetza-diagnostikoaren emaitza aurkeztu dio Jai Batzordeari. Ekitaldia modu birtualean egin da, bideokonferentzia bidez, eta Karmen Kareaga Kultura zinegotziak eta Errotik Kooperatibako arduradunek parte hartu dute. Aurkezpenaren hasieran gogoratu dutenez, txosten horren helburua izan da Urdulizko jaiak genero-ikuspegitik aztertzea, eta herritarrak inplikatzea indarkeria matxistarik gabeko jai-guneak ahalbidetu eta berdintasunezko parte-hartze inklusiboa izango duen jai-eredu irekia lortzeko.
Osasun-krisiaren ondorioz, diagnostikoa egiteko metodologia aldatu behar izan da. Hala, azaldu dutenez, ikerketa tokiko artxiboak dokumentatzeko eta kontsultatzeko prozesu baten eta jaien antolaketan inplikatutako gizarte-eragileen parte-hartze zuzenaren emaitza da. Partaidetza elkarrizketa pertsonalen eta eztabaida-taldeen bidez lortu da.
“Zelan hartzen dute parte jaietan gizonek eta emakumeek?” edo “Zein jardueratan daude baztertuen emakumeak?” funtsezko galderetatik abiatuta, berdintasunezkoa ez den eredu bati eustea eragiten duten erresistentzia-faktoreak jartzen ditu agerian dokumentuak. Horien artean dago “beti egin da horrela” diskurtsoa. Aldaketa progresiboa ekarri dezaketen faktoreak aipatzen ditu, Udalak egindako Indarkeria Matxistaren Aurkako Plana, adibidez.
Emaitza gisa, diagnostikoak, hainbat hobekuntza-proposamen ematen ditu. Proposamenek hamar jarduera-eremutan dute eragina: jai batzordea, herritarren parte-hartzea jaien antolaketan, Udalaren zeregina, jai egitaraua, Santa Mariñeko amatxuen omenaldia, txupinazoa, herri-bazkariak eta ekitaldi gastronomikoak, kirol-jarduerak, txosnak, kontzertuak eta hari musikala, eta sexu-indarkeriaren prebentzioa.
“Berdintasunerako bidea”
Bestalde, M8ko Emakumeen Nazioarteko Egunagaz bat eginez, Urdulizko Udalak “Berdintasunerako Bidearen” hirugarren baldosa desestaliko du. Ekimena Berdintasun Sailak bultzatu du, udalerriko kultur eta kirol elkarteakaz lankidetzan, besteak beste, Inola, eskubaloi taldea, jubilatuen elkartea, Iratxo Gorria eta udalerriko emakume feministak, Urdulizek emakumeen eskubideekin duen konpromisoa ikusarazteko.
Ekitaldia domekan, hilaren 7an, izango da, 12:30etik aurrera Udaletxeko plazan. Handik, segizioa metroaren geltokira joango da, eta 13:00ak aldera baldosa berria desestaliko dute. Aurretik, manifestu bat irakurriko da eta Iratxo Gorriak taldeak dantza ikuskizuna emango du.
Azkenik, urtero egin ohi den bezala, martxoaren 8an, astelehenean, elkarretaratzea egingo da Kultur Etxean, Urdulizko udalerriak Emakumearen Nazioarteko Egunaren aldarrikapenagaz duen elkartasuna adierazteko.