Elkarrizketak

Ugo Mayor: "Gizarteari zor diogu ebidentzia zientifikoak zabaltzea"

Julen Nafarrate 2022ko ots. 16a, 09:13

Urdulizen bizi den ikertzaile donostiarrak oihartzuna izan du sarean eta hedabideetan azken hilabeteotan, osasun-krisiagaz lotutako neurriak direla eta.

Noiz amaituko da pandemia? Noiz utziko ditugu atzean musukoak, txertoak, COVID-19a detektatzeko testak eta ziurtagiriak? Mota horretako galderei erantzun behar izan dio behin eta berriz Ugo Mayor biokimikariak azken hilabeteotan: "Askotan egiten dizkidaten galderak dira, bai. Nire ustez, garrantzitsua da zintzoa izatea. Behin baino gehiagotan esan digute honakoa –seigarrena– azken olatua izango zela, eta hori ez da horrela". 

Ikerbasqueko eta EHUko beharraz gain, askotariko hedabideetan ere elkarrizketa ugari egin ditu Mayorrek, pandemiaren eraginez: "Zientzia beti egon da alboratuta prentsan, baina, orain, osasun-krisiagaz, egoera aldatu da". Batek daki, pandemia amaitzerakoan, agian berriro ere zientzia ahaztuko dugu... "Seguruenik, nahiz eta zientzia gauza guztien atzean egon: elikadura, osasuna, garraioa...".

Hedabideetan ez ezik, Twitterren ere proiekzio handia lortu du Mayorrek: "Lehen, ez nintzen 100 jarraitzaileetara heltzen, orain, ia 5.000 dira". Bere hari batzuek oihartzun handia lortu dute; batzuetan, erakundeen erabaki batzuk zalantzan jartzen: "Jendeak uste du zientzialariak erosita gaudela iritzi bat edo beste emateko, baina gure lana ebidentzia zientifikoak zabaltzea da, gizarteari zor diogu hori".

Ezin amaitu elkarrizketa guk ere galdera egin barik: Baina Ugo, hau noiz amaituko da? "Ez dago jakiterik, baina hau oraindik ez da amaitu". Tira, ez genuen erantzun hori espero ba... "Bai, horretan zientzialariak nahiko desatseginak gara. Gauza bat da ditugun adierazleak eta beste bat entzun nahi duguna". Esperantzarako tarterik bai, behintzat? "Bai noski, iaz baino hobeto gaude, ez dezagun esperantza galdu". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun