Bedoyak gogoratu duenez, elkartea duela 29 urte sortu zuten, etxean lan egiten zuten emakume urduliztarren topagune bat bezala: "Hasieran, tailerrak eta horrelakoak egiteko gune bat zen, baina denboragaz beste hainbat kontu atera ziren hortik, eta izaera feminista bereganatu zuen". Gaur egun, emakumeentzako eta emakumeek kudeatutako zentro bat izatea izugarrizko aukerak ematen dizkiela dio, eta bera Uribe Kostako Andra Barriak elkarteko kidea ere izanik, euren bilerak eta jarduerak bertan egiten dituztela gaineratu du, "eskualdean ez dagoelako horrelako lekurik". Gimenez ere bat dator beragaz, eta horrek ematen dizkien aukerak izugarriak direla nabarmendu du.
Horri esker, bertan boluntario moduan ari diren emakumeek doako hainbat jarduera antolatzen dituztela diote: "Feminismoa, indarkeria edo zaintzaren inguruko hainbat saio egiten ditugu, eta gaiak gordinegiak izan ez daitezen, umorea ere tartekatzen saiatzen gara, besteak beste, bakarrizketen bidez". Hala, bihar, urtarrilak 25, 17:30etik aurrera, Indarkeria Matxistaren Aurkako Prebentzio eta Sentsibilizazio Kanpainaren bigarren saioa egingo dute.
Erantsi dutenez, topaketa Urdulizko Udalaren Berdintasun Arloak Inolagaz elkarlanean antolatzen du kultur etxean, eta haurtzaindegi-zerbitzua eta saioa online jarraitzeko aukera egongo dira. Hurrengo topaketa otsailean izango da, baina oraindik ez dituzte data eta gaia zehaztu.
Bizilagunen arteko elkarrizketak
Diotenez, azaroaren 17an egin zuten lehen jardunaldiaren helburua indarkeria matxisten inguruko oinarriak ezartzea izan zen; horretarako, biolentzia mota horretako hainbat aspektu aztertu zituzten, "batez ere, hain ezagunak eta agerikoak ez diren horiek; adibidez, sare sozialakaz edo ekonomiagaz lotuta daudenak", zehaztu du Bedoyak. “Jendeak arazoa indarkeria fisikoagaz lotzen du gehiago, baina informatzerakoan sorpresa bat eramaten dute, jokabide asko ez dituztelako indarkeria bezala sumatzen”, gaineratu du Gimenezek.
Biharko saioan, besteak beste, martxoaren 8an Urdulizko Berdintasunaren Bidean jarriko duten bosgarren baldosako leloa aukeratuko dute. Orain arte, Urdulizko elkarte ezberdinek egindako lanagatik errekonozimendu bezala jarri dituzte baldosa horiek: Urduliz Eskubaloi Taldeak, erretiratutakoen elkartea, Iratxo Gorria Dantza Taldeak eta, aurten, Inolari dagokio. Gimenzek azaldu duenez, kontua ez da esaldia aukeratzea, "proposamenak aztertzea eta horien inguruan lanketa egitea baizik".
Horrez gain, Mankomunitateak iaz aurkeztu zuen indarkeria matxistari aurre egiteko protokola ere jorratuko dute. Gimenezek azaldu bezala, "behin indarkeria zer den identifikatu ondoren, kasu bakoitzaren aurrean nola erantzun jakin behar baitugu". Bedoyak gaineratu duenez, duela gutxi euren kartel baten aurkako gorroto-eraso bat pairatu zuten eta, "udalerrian egon daitezken errealiatate horien aurrean nola erantzun aztertu gura dugu”.
Erronkak Urdulizen
Topaketa horiek antolatu aurretik, Inolako kideek parte hartzea sustatzeko hainbat inkesta egin zituzten urduliztarren kezkak, interesak eta gaiaren ezaguera aztertzeko. Diotenez, galdeketan hainbat gaztek parte hartzea lortu zuten, “baina gero ez dugu lortzen horiekaz konektatzea eta berbaldietara edo jardueretara etortzea, nahiz eta beraiek izan indarkeria mota berrietara esposizio handiena pairatzen dutenak eta gakoak hobeto uler ditzaketenak”. Hori dela eta, euren helburua Inolan belaunaldien arteko emakumeen topagune bat lortzea da, "adin-tarte bakoitzak dituen ezagutzak partekatu ahal izateko eta denentzako aproposa den elkargune bat sortzeko", azaldu du Bedoyak.
Halaber, gaineratu dute oro har oso zaila dela jendeak ekintzetan parte hartzea, "batez ere, feminismo berbak disuasio-efektu handia duelako oraindik gizartean". Horrez gain, Urdulizen biztanleriaren hazkundea oso azkarra izan dela diote, eta, horren eraginez, oraindik udalerriko gizartea kohesionatu gabe dagoela: "Adibidez, herrian arestian aipatutako hiru edo lau elkarte bakarrik daude". Euren aburuz, jendea inguruko udalerrietatik bertara mugitu denez, euren harremanak hurbil dituzte eta Urduliz oraindik lo-hiri bat da. "Urteakaz emango den prozesu bat da, urduliztarrak kohesionatzen joango dira eta herrian elkarteak sortzen joango dira", iragarri du Gimenezek.
Ver esta publicación en Instagram