Urdulizko Mecaner fabrikako langileek deitoratu dute "zuhurkeria enpresarial baten aurrean" daudela: "Mecaner bideragarria eta lehiakorra ez dela izan da eman diguten azalpen bakarra. Hau da, ez dute nahiko luketen beste diru irabazten". Hala, salatu dute "etekinak pertsonen aurretik" jarri dituztela: "Gertaera hauek argi eta garbi erakusten dute haien helburu bakarra mozkin-marjina handitzea besterik ez dela, langile eta eskualde osoaren gain erabaki honek izango dituen ondorio latzak kontutan izan gabe".
Halaber, langileek azaldu dute enpresaren itxiera "ez dela ezer berria", izan ere, azken urteetan inguruko industria-enpresak etengabe ixten ari dira: "Ekoizpena planetako beste eremu batzuetara lekualdatzen dute gastuak murritzeko, normalean beste langile batzuen esplotazioa sorraraziz". Horri lotuta, salatu dute industriak Euskal Herrian duen pisua gero eta txikiagoa dela, "turismo eta zerbitzuetako herrialde bat bihurtuz".
Horren aurrean, Mecaner enpresako langile-batzordetik euren "desadostasuna" erakutsi dute enpresak hartutako erabakiagaz: "Exijitzen diogu Stellantiseri atzera egitea bere erabakian eta Enpresa Batzordearekin premiazko bilera bat egitea alternatibak bilatzeko egoera honi. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari ardura hartzeko eskatzen diegu, baita Urdulizeko Mecanerren jarraitasuna eta 148 lan postuen mantentzea bermatuko duen konponbidean konprometitzeko deia ere egiten diegu". Halaber, salatu dute euskal instituzioek ezin dutela onartu lantegien "ixte etengabea, deslokalizazioa eta enpleguen txikitzea".
Hala, langile guztiek baieztatu dute antolatu eta borroka egingo dutela, badakitelako "Mecaner bideragarria" dela eta "etorkizuna"·duela: "Argi adierazi nahi diogu zuzendaritzari aurrean izango gaituztela eta azken momentura arte borrokatuko dugula gure lanpostuak defendatzeko".
Iragarri dute irailaren 21ean, eguenean, greba eguna egingo dutela euren desadostasuna erakusteko enpresa ixtearen erabakiaren aurrean. Era berean, urriaren 7an, zapatuan, manifestazioa antolatuko dute Mecaner eta euskal industriaren defentsan.
Pasa den barikuan, irailaren 15ean, Urdulizko Mecaner enpresako langileak lantokiaren aurrealdean elkartu ziren salatzeko Stellantis multinazionalak 148 langile kaleratuko dituela. Enpresako langile Unai Mirasolainek argi du langileek "denek batera" borrokatu behar dutela. pic.twitter.com/96SfItp1e5
— Hiruka (@HirukaEus) September 18, 2023