Mecaner lantegiko behargin guztiek bat egin dute gaurko greba deialdiagaz euren lanpostuen defentsan

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 21a, 15:51

Joan den barikuan iragarri zuten bezala, Mecaner enpresako langileak mobilizatzen hasi dira, Urdulizko lantegi historikoa itxi ez dadin. Gaur ekoizpena eten egin dute, 24 orduko greba deituta baitute gaurko egunerako. Hala, goizeko 06:00etan informazio-piketeak hasi dituzte, eta jakinarazi dutenez, jarraipena erabatekoa izan da. Ondoren, manifestazioa egin dute 11:00etan, fabrikatik udaletxera. Hurrengo mobilizazioa urriaren 7an izango da, Urdulizen ere, Mecaner eta euskal industriaren defentsan.

Stellantis taldea da Urdulizko Mecaner enpresaren jabea, eta 148 langilez osatutako fabrika uribekostar historikoa itxiko duela iragarri du. Automobilgintzako multinazionalaren zuzendaritzak erabaki hori jakinarazi zuen hilaren hasieran eta, hala, behargin guztiak kaleratzeko erabakia iragarri zion enpresa-batzordeari (ESK, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek osatutakoa).

Sindikatuek ziurtatu dutenez, taldeak 20.000 milioi euroko irabaziak izan zituen iaz, eta salatu dute Europako lantegiak ixteko estrategiaren helburua dela irabazi horiek areagotzea ibilgailuak Txinan edo Marokon fabrikatuta, non langileen kostuak txikiagoak diren eta eskulana merkeagoa den. "Badakigu erabaki hori ez dela hartu ez Urdulizen ez Euskal Herrian, Mecaner kide den eta Peugeot, Citroën, Opel, Jeep eta beste hainbat markaren eraikitzailea den Stellantis multinazionalean hartu da", deitoratu dute beharginek.

Ildo horretan, grebalariek azaldu dute enpresaren itxiera "ez dela ezer berria", azken urteetan inguruko industria-enpresak etengabe ixten ari direla deitoratuta: "Ekoizpena planetako beste eremu batzuetara lekualdatzen dute gastuak murritzeko, normalean beste langile batzuen esplotazioa sorraraziz". Horri lotuta, salatu dute industriak Euskal Herrian duen pisua gero eta txikiagoa dela, "turismo eta zerbitzuetako herrialde bat bihurtuz".

Horren aurrean, Mecaner enpresako langile-batzordeak bere "desadostasuna" erakutsi du enpresak hartutako erabakiagaz, eta exijitu dio atzera egiteko eta batzordeagaz premiazko bilera bat egiteko alternatibak bilatzeko egoerari. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari ardura hartzeko eskatu diete langileek, baita Urdulizeko Mecanerren jarraitasuna eta 148 lan postuen mantentzea bermatuko duen konponbidean konprometitzeko deia egin ere.

Bitartean, langileek iragarri dute ez direla besoak gurutzatuta geratuko, uste dutelako Mecanerrek etorkizuna duela eta bideragarria dela. Hala, gaurko greba egunean eta mobilizazioan irudikatu duten bezala, antolatuta jarraitu eta euren lanpostuen defentsan borroka egingo dutela iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun