Gure morroskoa Londresera iritsi zen, Euskalduna itsasontzian sukaldari itsasoratu ostean. Ontzia bertako portuan atrakatuta zegoela, han beltz amerikar bat indar erakustaldiak egiten zebilelakoa heldu zen Euskaldunako tripulatzaileen belarrietara. Txapeldun handia ei zen, indartsuetan indartsuena. Ansonekoaren bidaideek, apustuzaleak izanik, laster bota zieten erronka bertako batzuei, amerikar haren eta Ansonekoaren arteko borrokan nor nagusituko. Bost libera esterlina jokatu bide zituzten.
Hasi zen borroka. Ansonekoak zuhaitz bat ipurditik erauzteko moduko ukabilkada eman zion aurkariari, hango lehia kolpe bakarraz garbitzeko ustean, baina bere ukabilak laban egin zuen beltzaren soinean, aurretik gorputz osoa koipez igurtzi zuen eta.
Bizkor erantzunez, kontrarioak egundoko ukabilkada jo zion Ansonekoari sabelean, gure titana une batez zorabiatuta eta zabuka utzi zuena. Bere onera etorri zenean, lagunengana hurreratu eta ozenki esan zuen: "Iltea libre balitz!". Herrikideek atoan esan zioten Urdulizko indartsuari: "Bai, libre dok".
Orduan, Ansonekoa, beso biak zabal-zabal eginda, beltzari oldartu zitzaion, eta ukabilekin saihetsalde biak zartatu zizkion, haiexek baitziren koiperik ez zuten gorputz atal bakarrak. Amerikarra Ansonekoaren ezker izterraren gainean abaildu zen, eta handik zorura. Denbora gutxigarrenean, garai hartan indartsuena omen zena hil egin zen.
Ansonekoa sorbalda gainean atera zuten handik, gora! eta aupa! artean, guztiek zoriontzen zutela (barka kronika honen gogorra, baina orduko gertakari eta ibileretatik gutxi izango ziren gaur politikoki zuzenak).
Londresko kirol prentsak zabal eman omen zuen Ansonekoaren egitadaren berri (ikertzaileok hortxe duzue hari mutur interesgarria). Euskal Herrian, berriz, bi gipuzkoarri egin zitzaien gizaseme harrigarri hura bertatik bertara ezagutzeko gogoa.
Urdulizera ailegaturik, nekazari bat ikusi zuten lurra goldatzen, eta Ansonekoa non bizi zen galdetu zioten. Baserritarrak, goldea esku bakarraz josoz, "Antxe" erantzun zuen, goldearen muturraz bere baserria seinalatuz. "Ansonekoa zeuk izan biardezu!" bota zuten giputzek zurtz eginda. "Amak alan esaten deu" erantzun zuen berak isekari.
Berba azoka
- Bidaide
- Bidelaguna.
- Libera esterlina
- Britainia Handiko moneta, euroaren aurrekoa.
- Ipurditik
- Hemen, sustraitik, errotik.
- Erauzi
- Atera, idoki.
- Garbitu
- Hemen, amaitu, bukatu, finitu.
- Zabuka
- Kolokan, balantzaka.
- Atoan
- Behingoan, berehala.
- Zartatu
- Lehertu.
- Abaildu
- Hemen, leher eginda makurtu.
- Zurtz egin
- Harritu, txunditu.
- Isekari
- Burlati, trufari, zirikatzaile.