Zer arrisku-faktorek eragin ditzakete autolesioak gazteengan?
Autolesioak faktore anitzekoak dira eta ez dago inoiz kausa bakar bat. Emozionalki autoerregulatzeko izaten dira, norbaitengan eragina izateko edo autozigor gisa. Suizidioaren aurkako estrategia bat ere izan daiteke. Hala ere, badaude arrisku-faktore nagusi batzuk. Emakume izatearen faktoreaz asko hitz egiten da, beren burua zauritzen duten pertsona asko emakumeak izaten baitira. Ez dira bakarrak, baina izaten dira. 10-12 urte bitartean hasten dira. Era berean, ezaugarri psikopatologikoak dituzten lagunek autolesioak egin ditzakete, baina horrek ez du esan nahi bere burua zauritzen duten pertsona guztiek buruko nahasmendurik dutenik.
Horrez gain, beste hainbat arrisku-faktore daude: barne-erregulazio eza, autoestimu txikia, gizarte-trebetasunen defizita, bullyinga eta ziberbullyinga, gurasoekiko harreman txarra, gurasoen aldetik gaizki kudeatutako dibortzioa, tratu-txarrak, parekoengatik baztertua sentitzea, autolesionatzen diren lagunak izatea, maitasun-hausturak, eta haien sexu-identitatea ez onartzea, besteak beste.
Zeintzuk dira babes-faktoreak?
Familia-kohesio handia izatea, adiskidetasun ona, gizarte-trebetasun onak izatea, gertatzen zaionari buruz hitz egiteko gaitasuna izatea, baliagarri sentitzea... babes-faktorerik ez badago, sortu egin behar dira, eta, baldin badaude, indartu egin behar dira. Halaber, zirkulu sozial bati buruz hitz egiten dudanean, maskotei buruz ere hitz egin dut. Gazteek askotan txakurragaz, katuagaz edota perikitoagaz lasaitzen dira. Azkenean, zerbaiti heldu behar diote.
Autolesioak hautemateko badaude kontuan hartu behar ditugun alerta-seinalerik?
"Aldaketetan zentratu behar gara. Bat-bateko edozein aldaketak alarma-seinalea eman behar digu"
Guraso, irakasle eta lagun gisa, kanpotik identifikatzen ditugun seinaleetan jar dezakegu arreta. Horrek ez du esan nahi alerta-seinale horiek beti agertzen direnik, askotan ezkutatu egiten baitituzte gazteek. Hurrengoak dira alerta-seinale nagusiak: aldez aurretiko suizidiorako saiakera bat izatea; alterazioak aldartean, betiere nerabezaroari dagozkien aldaketak daudela kontuan hartuta; lesio errepikakorrak, adibidez, beti ubeldurakaz edo zauriakaz agertzea; alkoholaren eta drogen abusua; senideen isolamendu afektiboa; lagunen gabezia; sare sozialetan denbora gehiago pasatzea eta bertan suizidioaren eta autolesioen gaiaz asko hitz egitea; sexu-identitatearekiko gatazka; higiene pertsonalean zaintza eza, baita eskola-porrota ere, batez ere, iraganean ibilbide akademiko on bat izan duten gazteetan.
Laburbilduz, aldaketetan zentratu behar gara. Bat-bateko edozein aldaketak alarma-seinalea eman behar digu.
Gaur egun, tabua izaten jarraitzen dute autolesioek. Nolako eragina du estigmak gazteengan?
"Autolesioa ez da irtenbide egokia, baina topatzen duten irtenbide saiakera bakarra da sentitzen duten sufrimendua lasaitzeko, eta gazteek hori betikotu egiten dute. Orduan irakatsi behar dena da beste bide batzuk daudela"
Bai, betidanik tabua izan denez, autolesioak maiz buruko nahasmendu bategaz lotzen dira. Gazteak arraro sentitzen dira egiten dutenean, eta horregatik garrantzitsua da ahotsa ematea, jendeak uler dezan zer gertatzen ari den eta nola lagundu dezakegun. Horregatik dira funtsezkoak ikastetxeetako eta familiarteko hitzaldiak. Estigma horrek gaixoen min emozionala eta ondoez psikologikoa areagotzen ditu. Tabuak isiltasuna eragiten du, isiltasunak sufrimendua pertsonarengan eta ingurukoengan. Era berean, horrek erruaren, tristuraren eta beldurraren sentsazioa areagotzen du senideengan, ez baitakite nola aurre egin egoerari.
Horrek guztiak gazteak laguntza eskatzeko probabilitatea gutxitzen du, ez baitaki zer pentsatuko duten bere ingurukoek. Azkenean, autolesioa ez da irtenbide egokia, baina topatzen duten irtenbide saiakera bakarra da sentitzen duten sufrimendua lasaitzeko, eta gazteek hori betikotu egiten dute. Orduan irakatsi behar dena da beste bide batzuk daudela.Kontuan izan behar da ere autolesioak arrisku-faktorea direla suizidioan. Ez da beti horrela, baina izan daiteke. Gainera, gazteak minera ohitzen dira, eta horrek arindu egiten ditu. Autolesioek droga eta mendekotasun gisa funtzionatzen dute: gazteek jasan ezin duten min emozionala dute; orduan, tentsioa areagotzen da pertsona horiengan, eta emozioak maneiatzeko ezintasuna sentitzen dute. Hala, autolesioak sortzen dira.
Zer egin dezakegu laguntzeko?
Jokabide autolesiboei buruz ahalik eta gehien ikertu eta ikasi, hori ulertzeko. Gazte horrek nahi duena da ulertua sentitu, epaiketarik gabe. Ez da saihestu behar autolesioaren gaia, izan ere, askotan beldurragatik beste aldera begiratzen dugu. Ni neu espezializatzen hasi nintzen tresnarik gabe eta beldurragaz sentitzen nintzelako kontsultan.
Hala, elkarrizketa irekia eta argia izan behar dugu gazteakaz. Lehen aldiz berbaz adierazten dutenean, lasaitasun handia sentitzen dute. Era berean, esaten eta egiten dutenaren inguruko interesa erakutsi behar dugu, eta bere emozioak baliozkotuko dituen entzute enpatikoa ahalbidetu. Ulertzen laguntzeko, argi esan ahal diegu, "nola lagun diezazuket?".
Eta zer ez dugu egin behar?
"Ezin dugu ahaztu gazteari laguntzen ari dion pertsonaren autozainketa bera. Autolesioak barrutik mugitzen zaituzten zerbait da, eta, azkenean, zuk ere laguntza behar duzu"
Guraso edo lagun gisa konturatzen garenean gure senitartekoa bere burua zauritzen ari dela, bururatzen zaigun lehen gauza da autolesio hori ekiditen saiatzea egun batetik bestera. Baina ez badakigu zein den min hartzeko asmoa, ezin dugu autolesioa debekatu edo kendu. Izan ere, gazte bat suizidioaren asmoa saihesteko bere burua zauritzen ari bada, min hori kudeatzeko duen azken modua kentzen diozu; ondoez hori estutuko diozu. Kontuz ibili behar dugu, eta edozer gauza egin baino lehen sufrimenduaren zergatia ezagutu.
Era berean, ezin dugu inoiz konfidentzialtasuna mantenduko dugula zin egin, izan ere, batzuetan, profesionalak behar ditugu, baina horrek ez du esan nahi senide gisa ezin dugunik lagundu. Saihestu "pasatuko zaizu" edo "tontakeriak dira" bezalako esaldiak. Hala, kontuan izan behar dugu autolesioa arazo baten ondorioa dela, ez da arazoa: icebergaren punta da. Gainera, ezin dugu ahaztu gazteari laguntzen ari dion pertsonaren autozainketa bera. Autolesioak barrutik mugitzen zaituzten zerbait da, eta, azkenean, zuk ere laguntza behar duzu.
Zeintzuk dira autolesioetara lotutako mito ezagunenak?
Arreta deitzeko egiten duela, esaterako. Ikusi dugu autolesioak kausa anitzekoak direla eta arreta deitzen egiten badu, aztertu egin beharko litzateke zergatik duen modu hori. Askotan uste da zauria txikia bada ez dela garrantzitsua, baina ez da gutxietsi behar, esan dudan bezala minera ohitzen direlako. Batez ere, jakin behar dugu zein asmorengatik duten jokabide hori.
Beste mito bat da emakumeak bakarrik autolesionatzen direla, eta nahiz eta gehiengoa izan, gizonak ere badaude. Gainera uste da nahi dutenean uzteko aukera dutela, baina autolesioek adikzioek bezala jokatzen dute. Bukatzeko, uste dugu guk ezin dugula lagundu, eta denok lagundu dezakegu: bertan egoten eta gertatzen ari dena ez epaitzen.
Nolako eragina dute mugikorrek eta sare-sozialek autolesioetan?
Haurrak hezi behar dira, izan ere, teknologia berriek gure alde edo kontra joka dezakete. 10-11 urtegaz hezi behar dira webgunearen arriskuez eta onurez, eta ez dut gomendatzen 16 urteetatik behera telefonoa ematea. Gaiari buruz inoiz hitz egin gabe bat-batean sakelakoa ematea ere oso arriskutsua da. Guraso askok ez dute begiratzen beren seme-alaben Interneteko historiala, eta hori ere beti egin beharreko gauzetako bat da. Ez soilik autolesioen prebentzioa bermatzeko, baizik eta beste arrisku batzuk ere ez daudela baieztatzeko, besteak beste, ziberbullynga.
Beraz intimitatea baino, gaztearen segurtasuna gailentzen dela esango zenuke?
Bai. Bere konfiantzaren eta bizitzaren aurrean, ni bere bizitzagaz geratzen naiz. Beti daude akordioak mugikorra entregatzeko orduan. Askotan eskuak burura eramaten ditugu ikastetxeetako txatak irakurtzen ditugunean; gurasook ez dakizkigun gauza asko gertatzen dira. Nik neuk zure seme-alaben historiala begiratzea aholkatzen dut, baita bere sare-sozialak ere. Batez ere, haiengan aldaketa handia sumatzen badugu. Gazteak oso bizkorrak dira gu engainatzeko orduan, ondo daudela esaten digute eta gero euren gelan pasatzen dute eguna. Zer gertatzen da gelan? Ziberbullynga eguneko 24 orduetan gertatzen da sareetan, eta gurasook ere arduratsuak izan behar dugu. Gure seme-alabei arma bat ematen ari gara. Aurrea hartzeko begiratu behar da, ez txutxu-mutxuka ibiltzeko.
Bukatzeko, nabarmendu nahiko zenukeen zerbait?
Autolesioen arazoa osasun publikoaren arazo bat da, baina baita arazo soziala ere. Denok gara prebentzio- eta aldaketa-eragileak suizidioaren eta autolesioen gaian. Denok egin dezakegu zerbait eta denok egon gaitezke. Beharbada, gazte batek ez du egon nahi, baina zu hor zaudela eta edozein unetan gelatik irten eta zerbait esan dezakeela jakitea konfiantza da. Guk, senide eta lagun gisa, jakin behar dugu bertan egoten.